Musika

Musika Hamabostaldiak 74 musika emanaldi eskaiko ditu 30 egunetan

'Tosca' operaren emanaldiaz gain, Mahler Chamber Orkestra, San Petersburgoko Orkestra Filarmonikoa eta Koloniako Irratiko Orkestrarenak nabarmendu dituzte.

Musika Hamabostaldiaren 76. ekitaldiaren aurkezpena egin dute Patrick Alfayak eta erakundeetako ordezkariek. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS
Juan Luis Zabala
2015eko maiatzaren 29a
16:13
Entzun

Liceu, Teatro de la Maestranza eta Salas del Arenal antzokiek ekoitzitako Giacomo Pucciniren Tosca operaren emanaldiaz gain —Kursaaleko auditoriumerako egokitua eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eta Ainhoa Arteta sopranoaren parte hartzearekin—, Mahler Chamber Orkestra, San Petersburgoko Orkestra Filarmonikoa eta Koloniako Irratiko Orkestraren emanaldiak nabarmendu ditu, beste batzuen artean Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiko zuzendariak gaur eguerdian, Donostiako jaialdiaren aurtengo egitarauaren aurkezpena egitean.

Orotara bederatzi ziklotan banatutako 74 musika emanaldi eta bestelako bi ekimen izango dira abuztuaren 1etik 30era bitartean, Donostian ez ezik Gipuzkoan, Bizkaian, Araban, Nafarroan eta Lapurdin.

Oroitzapen ospakizunen artean, Jose Maria Usandizaga donostiar musikagilea (1887-1915) protagonista dutenak izango dira garrantzitsuenak, duela ehun urte hil zela gogoratuz. Orotara 15 emanalditan eskainiko dira haren obrak, eta horien artean izango da Mendi mendiyan operaren emanaldia, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eta Easo abesbatzaren parte hartzearekin.

Abonuen kopuruari %100ean eutsi dio Hamabostaldiak aurtengo ekitaldiari begira, eta sarrera arrunten salmenta ekainaren 5ean hasiko da, 11:30ean, Interneten (www.quincenamusical.eus), Kursaalean zein Viktoria Eugenia antzokian.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.