MUSIKA. Iluntasunetik, argia

mikel lizarralde
2010eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Kantu zitalak ditut esku artean, inork maite ez dituenak, hondamendi batetik erreskatatu nituenak» entzunda (B aldeko kantuak), sentsazio kontrajarria geratzen zaio entzuleari. Irratietan entzuten ez diren kantuez ari da Txuma Murugarren, hain zuzen ere bere kantuez, eta edozein irratitan etengabe eman lezaketen melodia dauka lagun. Pop kantu biribil hori hit argi bat izan liteke, irrati formulaz arrunkerian erori den musika oro jabetu ez balitz.

Murugarreni apur bat suminduta ikusten zaio, bizitzaren -eta, nola ez, musika munduaren- ikuspegi ezkorrarekin. Ez da berria joera hori Sasoi Ilunak taldeko kide ohiarengan, baina B aldeko kantuak honetan, muturrera eraman nahi izan duela ematen dute hainbat hitzek: «Badakizu, zenbait kantu aditzen ditudanean, negargurak korapilo itogarria egiten dit eztarrian» (Gozo eta hits), «Sentitzen dut ez dudala ezertan asmatu» (Esku hotz bat), «Orain dena bukatu denean esadazu ez dugula dena galdu»(Hoteleko leihotik), «Gaur gauean hilko gara kotxean» (Irratia gauean). Eta Sasoi Ilunak-en garaitik Bizitza garratza da berreskuratu du, (oraindik ere) gehituta.

Bitxia bada ere, iluntasun ia depresibo baina ironiko horrek txanponaren beste aldea ere badu. Kantu hauetako askok eta askok melodia argiak dituzte, eta, agian instrumentazioak lagunduta, musika beltzera jotzen dute sarritan. Haize tresnek eta teklatuek gidatzen dituzte, eta nolabaiteko euforiaz bustitzen dira, besteak beste, Gozo eta hits bizia eta soul kutsuko Jasanezina bizitza ederra.

Esku hotz bat dekadentearen salbuespenarekin -nire ustez, diskoko unerik apalena-, B aldeko kantu hauetan argia sartu da, Marjinalia-tik (2007) urruti, baita unerik lasaienetan ere. Bizitza garratza da (oraindik ere), adibidez, tempo lasaiko balada goxo bihurtu du Murugarrenek, Jane Birkin eta Serge Gainsbourg omentzen dituen bitartean. Eta Mugaz gaindiko bidaiak kantuak-nire gustukoena, agian-, countrya eta soula uztartzen ditu modu leun eta xarmangarrian.

Nahikoa arrazoi badira Murugarrenen azkenera hurbiltzeko, baina horiei gehitu beharko genieke Irratia gauean-en gainean Audience-k eginiko country-rock bertsio sutsua.



TXUMA MURUGARREN

Diskoa: 'B aldeko kantuak'.

Diskoetxea: Gaztelupeko Hotsak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.