MUSIKA. Itxaronaldi luzearen amaiera

Duela bi urte Donostiako Jazzaldian iragarritako kontzertua bertan behera utzi izanak zaleengan utzitako arantza atera ahal izango du John Hiattek etzi, Euskal Herriko bere lehen kontzertuan.

Jon Eskisabel.
2010eko urriaren 28a
00:00
Entzun
Bera falta zen. Azken hiru hamarkadetako AEBetako folk, blues eta rockaren kantari eta musikari esanguratsuenetako asko noiz edo noiz ikusteko aukera izan dugu gurean: Bob Dylan, Tom Waits, Neil Young, Bruce Springsteen, Ry Cooder, Lucinda Williams, BB King, Steve Earle, Kris Kristofferson... eta gehiagoluza daiteke zerrenda. Baina bera falta zen, John Hiatt (Indiana, AEB, 1952). 40 urtean hemeretzi disko kaleratu arren, ez da aipatutako izen gehienen oihartzun berbera erdietsi duen artista, baina Anje Duhaldek ez du dudarik egiten haien maila berean jartzean. «Historia egiten ari den kantaria da. Isil-isilean bidea zabaldu du, eta orain askok, Eric Clapton, Dylan edo Joe Cockerrek, aitortzen diote sekulako kantari eta kantu egilea dela».

Duhalderen hitzak ez dira doan ekarritakoak. Errobi eta Akelarre taldeetako kide ohiak Hiatten ibilbideari arretaz jarraitu dio 80ko hamarkadan Hangin' Around The Observatory (1974) diskoa bere eskuetara heldu zenetik. Jarraipen horrek sorturiko mirespenaren ondorioz, haren kantuak bere diskoetara eraman ditu zenbait aldiz. Hiatt pertsona, abeslaria eta kantu egilea, hirurak egiten zaizkio erakargarri. «Niretzat gauza berezia da John Hiatt, galtzaile kutsu hori duelako, loser bat da, baina sekulako talentua du. Agian adin berekoak garelako ere oso gertuko sentitzen dut...».

11 urte zituela hasi zen Hiatt gitarra jotzen, baina 18 urterekin Nashvillera joan eta kantu egile lanetan hasi zen konpainia batentzat. Geroztik ez du lanbidea aldatu. «Egunero esertzen naiz gitarra akustikoarekin. Tresnaren soinua eta uki leuna oso naturalak zaizkit. Hasieratik eguneroko ohitura dut zenbait akorde behaztatzea eta melodia bat aurkitzea. Musikak agintzen du. Zorteko banaiz, hitzak etorri egiten dira», adierazi du duela hilabete gutxi.

Nashvilleko konpainiarentzat 250 kantu sortu zituen Hiattek, baina berehala bere diskoak egiten hasi zen. Geroztik ez du hiru urte baino gehiago eman diskorik kaleratu gabe, azkena The Open Road (2010) estimagarria. Lau hamarkadako ibilbide emankorrean garai onak eta txarrak izan ditu Hiattek, hala profesionalak nola pertsonalak; haren kantu asko besteek egin dituzte ezagun-Bonnie Raittek arrakasten zerrendetara eraman zuen Thing Called Love, eta Joe Cockerrek Have A Little Faith On Me ezagutarazi zuen-, baina 80ko hamarkadaren amaieran lortu zuen harrera komertzial eta kritikoa batzea, Bring the Family (1987) eta Slow Turning (1988) diskoekin. Biak daude Duhalderen gustukoenen artean. «Bring the Family diskorik onena da, beharbada. Ry Cooder, Nick Lowe eta Jim Keltnerrekin grabatu zuen, eta orduan eman zen ezagutzera Hiatt, Cooderri berari itzal egiteraino». Lau musikariek Little Village sortu zuten urte batzuk geroago, eta disko bat grabatu ere. Antza, ego kontuek eragotzi zuten taldeak gehiago irautea.

Duhaldek beste disko bat ere azpimarratu du, Perfectly Good Guitar (1993). Disko hori aurkezteko biraren barruan, Parisen ikusi zuen, eta «txundituta» utzi zuen, hala Hiattek nola taldeak. «Hiattek beti izan ditu oso musikari onak alboan», nabarmendu du. Orain laguntzen diotenak Kevin Blevins (bateria), Patrick O'Hearn (baxua) eta Doug Kancio (gitarra) dira. Haiekin grabatu ditu azken bi diskoak, Same Old Man (2008) eta The Open Road, zeinetan sasoiko ageri da Hiatt. Oinarrizko rock talde elektrikoa osatzen dute lau musikariek. «Inoiz izan dudan talderik onena da», adierazi du Hiattek bere combo-ari buruz, «elkarrekin gaudenean magia sortzen da, gustatzen zaigu ikustea nora eramango gaituen musikak, agertokira igo eta bidaia egitea. Entzuleriak gozatu egiten duela uste dut».

JOHN HIATTAND HIS COMBO

Lekua: Kursaaleko auditoriuma (Donostia).

Noiz: larunbatean, 20:00etan.

Sarrera: 10 eta 30 euro artean.



Anje Duhaldek eta Pettik euskarara ekarri dituzte Hiatten kantuak

Idazlea balitz, esango genuke gehien itzulitakoa dela. Kasu berezia da John Hiattena, ez baita euskarara ekarritako horrenbeste kantu dituen beste abeslari garaikiderik. Anje Duhaldek hiru alditan sartu du Hiatten kantu bat bere diskoetan: Gogoaren baitan (Bakezaleak diskoan, 1992), Maitasun gosez (Azkarate, 1997) eta Gitarra zahar honekin (Sorminetan, 2008). Azken hori argitaratzeko baimena eskatu zuenean, zorion mezu bat jaso zuen bueltan Duhaldek, ez daki kantariak berak edo diskoetxeak bidalita, «letra oso gustuko zutela esateko». Hiru kasuetan, hitzak itzuli baino gehiago, haietan inspiratu zen Duhalde bereak sortzeko.

Hiatten kanturen bat moldatu duen beste euskal kantaria Petti da. Have A Little Faith On Me moldatu zuen Awañac (2008) zuzeneko diskoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.