MUSIKA. Musikari handi baten itzulera

mikel lizarralde
2010eko urriaren 7a
00:00
Entzun
Ezda erabateko sorpresa, azken urteetan hainbat disko aipagarri grabatu dituelako, baina Broken Record-ek Lloyd Cole onena ekarri digu bueltan, bere barnean pop melodia bikainak aurkitzeko gai zen kantari eta konpositore hura. The Commotions taldeko buru zela, Rattlesnakes (1985) 80ko hamarkadako diskorik ederrenetako bat grabatu eta Erresuma Batutik zetorren pop eta rock dotore uholdearen ikono bihurtu zen kantari bera -ez da ahaztu behar garai bertsukoak direla Aztec Camera, Bluebells, Prefab Sprout eta Pale Fountains-. Rattlesnakes grabatu zuenean, literatura kutsuko hitzak idazteko joera zuen filosofia ikasle bat zen Cole, eta orain, berriz, musika mundutik ezer gutxi espero eta AEBetako Massachusettseko herri batean familiarekin bizi den gizon heldu bat.

Commotions desegin ondoren, bakarkako bideari eutsi zion Colek, eta New Yorkeko rock zirkuituko musikariekin egin zuen lan. Azkeneko urteotan, aldiz, folk kantautore bihurtzeko «ahaleginean» aritu da berak onartu bezala, eta disko intimista eta biluzi samarrak grabatu ditu, autoinposatutako folk erbeste horretan -Music in a Foreign Language (2003), Antidepressant (2006)-.

Hiru hamarkada hauetan berarekin lan egin duten musikaririk onenak bildu ditu Colek Broken Record grabatzeko; tartean, Fred Maher bateria jotzailea eta Commotionsen aritutako Blair Cowan teklatu jotzailea, eta harmonia eta melodia pop klasikoz gainezka dagoen diskoa osatu du. Rock oinarria izanik ere, countryari, pop-ari eta americana deritzonari ere muzin egiten ez dion lana. Malenkoniatsua batzuetan, dotorea askotan eta heldutasun ondo eramana erakusten duena beti.

Eta, gainera, Broken Record-ek Colek azken urte luzeetan idatzi dituen kanturik onenak biltzen ditu. Country aire gozo eta biziak (Like A Broken Record, Westchester County Jail), tempo erdiko balada izugarriak (If I Were a Song ez dago Cohengandik urruti, The Flipside), klasikotasuna darion rock-and-rolla -That's Alright, diskoko unerik gorenetakoa-, Commotionsen garaiak gogora ekartzen duen popa (Oh, Genevieve)...

Disko bikaina egin du Colek, behin eta berriro entzuteko gogoa ematen duten horietakoa. Hunkitu eta gure barnean txokoa aurkitzen dutenetakoa.



LLOYD COLE

Diskoa: 'Broken Record'.

Diskoetxea: Tapete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.