MUSIKA. Soiltasunaren ederra

Abesti sinpleak egitea da, maiz, gauzarik konplikatuena, baina New Yorkeko The Drums taldeak aurkitu du formula; denbora gutxian ezagun egin dira beren pop lelo soilei esker.

Inigo Astiz
2010eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Summertime izeneko EP bat eta taldearen izen bereko diskoa iaz. Nahikoa izan dute hori New Yorkeko The Drums taldekoek bi urtean egungo indie-pop eszenan pisuzko izen bilakatzeko. Modako taldea dira, klasikoen soinuarekin. Joy Division, The Smiths eta New Order taldeetan dute aingura. Onartzen dutenez, ez dute ezer asmatu, ezta asmatu nahi ere. Badute beren formula: pop melodia eraginkorrak. Belarrira erraz egin arren, lortzea erraza ez den zerbait da bilatzen dutena: soiltasunaren ederra. Donostian izango dira asteartean, Gazteszenan.

Jonathan Pierce abeslariak ematen du soiltasunaren aldeko asmo horren nondik norakoa: «The Drumsentzat ahalik eta kantarik sinpleenak eta klasikoenak egin nahi genituen, ezer berririk, muturrekorik edo interesgarririk ez duten pop kanta sinpleak; abesti biluziak, kanta klasikoak bihotz apurtuei eta tristeziari buruzkoak». Eta argi du hori lortzeko bidea: «melodia bikainak aurkitzea, pop melodia klasikoak». Filosofia horren erakusgarri dira mundu osoan ezagun egin dituen Let's go Surfing -txistuka abesteko zati eta guzti-, eta Me and the Moon abestiak.

Pierceren aurreko proiektuaren erreakzio gisa sortua da The Drums neurri batean. Sony etxeak bultzatutako Elkland taldean aritu zen lehenago. Komertzialki, baina, ez zuten arrakastarik lortu, eta behetik gora hasi zuten bidea The Drumsekin; kanta batzuk grabatu, zabaldu eta ahoz ahokoari bere lana egiten utziz. «Elklandeko kanten produkzioa handiegia zen», dio Piercek, «eta, horregatik, ahal dugun neurrian, autoprodukzio bidez egiten dugu lan orain».

Kritiko dira birtuosismoarekin, sinpletasunaren aldeko. Piercerekin batera taldea sortu zuen Jacob Graham gitarristaren hitzak dira: «Niretzat, trebezia ez da sekula garrantzitsua izan. Hala irudituz gero, orkestraren baten kontzerturen bat edo halako zerbait ikustera joatea da hoberena. Taldeen kasuan jarrera eta nortasuna izaten dira garrantzitsuenak, eta inperfekziotik datoz bi ezaugarri horiek, nik uste». Azalpen beharrik gabe ere, behin eta berriz formulatzen dute ideia hori beren kantetan. Osotasunaren alde doaz elementu guztiak, beti, nabarmenkeriarik gabe.

Biniloak koltxoipean

Melodia alaiak dituzte abesti gehienek, baina hitzetan dute alde iluna. «Dena ongi joan delako eta zuk positibo izan behar duzulako ideia horren atzean badago zerbait zinez iluna», dio Piercek. Nostalgia, melankolia eta tristezia, beraz, hitzetan. Honela dio lelo ederreko My Best Friend abestiaren lehen lerroak: «Nire lagunik onena zara/ baina hil egin zinen».

Familia erlijiozalekoa izan, eta musikatik urrun pasatu zuen haurtzaroa Piercek. Ez zioten entzun nahi zuen musikarik entzuten utzi, baina Joy Electric taldea ezagutzean aldatu zen dena. The Smiths heldu zen gero, baita Orange Juice ere. «Hala hasi zen dena, eta izara artean gorde behar izan nuen. Mutil gehienek Playboy-ak ezkutatzen zituzten koltxoipean, eta nik, biniloak».

THE DRUMS+PATRICK CLEANDENIM+WOUNDED BIRDS

Lekua: Gazteszena aretoa (Donostia).

Noiz: Asteartean, 20:00etan.

Sarrera: 9 euro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.