Urte gutxian, trikitiaren munduari buruzko dokumentazio ugari bildu du Trikiti Elkarteak: era askotako artikuluak eta eta genero askotako idazlanak, argazkiak, doinuak, prentsako aipamenakÉ Dokumentazio hori guztia nahi duenaren eskura jartzeko tresna sortu du orain: Soinuaren hotsa webgunea. «Soinu txikiaren historia» jasotzen du webgune berri horrek, Joseba Tapia trikitilari eta Trikiti Elkarteko lehendakariak azaldu duenez.
Aurretik ere sortua zuen Trikiti Elkarteak beste webgune bat, eta horrek irekita jarraituko du (www. trikitixa.net helbidean). Webgune hori elkartearen beraren zereginekin eta egitasmoekin dago lotua batez ere; Soinuaren hotsa webguneak, aldiz, berriak ikuspegi zabalagoa du, trikitiaren historia osoa baitu esparrutzat.Elkartea hasieratik egiten ari den lanaren emaitza da Soinuaren hotsa webgunea, Agurtzane Aizpuru Trikiti Elkarteko idazkariak azaldu duenez. «Aspaldidanik aipatzen da trikitiaren inguruko ikerketen arloan hutsune handia dagoela, eta Trikiti Elkarteak hasieratik egin du ahalegina dokumentazioa biltzen, diskoak, grabazioak, argazkiak eta dokumentuak digitalizatzen eta katalogatzen». Bilketa hori plazaratzea da, funtsean, webgunearen zereginetako bat.«Trikitiaren historia osatzen ari gara, eta egun batean, osatutakoan, Trikitiaren Entziklopedia izango denaren lehenengo urratsa da web orrialdean jasota dagoena», Aizpururen ustez.
Katalogatutako lehen soinu jotzailea, 1869an jaioa
Hiru atal nagusi eskaintzen ditu webgune berriak: Kronologia, Doinutegia eta Hiztegia. Kronologiari eskainitako atalak trkitiaren historiako une nagusiak jasotzen ditu, 1619an hasita. Urte horretan kopla-paper batzuk agertu ziren, Tolosan, Adarrak ematen dira Miraballesen izenekoak. «Soinu txikia askoz geroago etorri zela esaten da», azaldu du Tapiak, «baina trikitiaren mundua dantzak eta koplak osatzen dute, besteak beste. Miraballesko kopla horiek lehenengoak bailiran sartu ditugu, hizkuntza aldetikgaur egungo trikitilariok erabiltzen dugunaren tankerakoak direlako, giro bertsukoak».
Katalogatutako lehen soinu jotzailea, berriz, oraingoz behintzat, Gregorio Abaro da, Bermeoko Muñagoikoa baserrian 1869an jaiotakoa.Doinutegiari eskainitako atalak hainbat doinu entzuteko aukera eskaintzen du, mp3 formatuan, eta baita partiturak eskuratzekoa ere. Doinu ez-komertzialak dira nagusiki atal horretan jasotakoak.Alfabetikoki ordenatutako 167 hitzen bidez, trikitiaren alderdi askoren berri ematen du Hiztegia atalak: soinu jotzaile, pandero jotzaile eta abarren izenak; trikitiarekin zerikusia izan duten lekuak; tresnak eta tramankuluakÉ Umorezko aipamen ironikorik ere bada atal horretan, adibidez, mikrofonoa hitzari dagokiona: «Trikitilarien eta bertsolarien kantaera zeharo aldatu zuen tresna modernoa».Hiru atal nagusi horietaz gain, hamalau atal txiki daude webgunean, bildutako dokumentazio guztia eskuratzeko: Debekuak, Diskografia, Erromeria, Hitzaldiak, Koplak, Omenaldiak, Soinuaren etorrera, Soinugileak, Trikitilariak (Panderojoleak, Soinujoleak, Bikoteak, Taldeak) eta Txapelketak.Atal guztiak etenik gabe osatzen joango dira, Trikiti Elkarteak datu eta dokumentazio gehiago jaso ahala.
MUSIKA. TRIKITIA. Trikitiaren historia, sarean
Sortu zenetik jasotako dokumentazio guztia eskaintzen duen webgunea sortu du Trikiti Elkarteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu