Abesbatzak

Musikagile garaikideen aldeko apustua egingo du Tolosako Abesbatza Lehiaketak

Hamabi herrialdetako ordezkariek hartuko dute parte. Ganbera estiloko abesbatzek eta ahots taldeek interpretatuko dituzte musikagile garaikideen lanak. Polifonia modalitatekoak eta folklore modalitatekoak izango dira interpretazio horiek.

Sariketaren 51. aldia aurkeztu du Tolosako Abesbatza Lehiaketak. ANDONI CANELLADA / FOKU
Nagore Arin.
2019ko urriaren 24a
09:25
Entzun

Iaz bete zuen mende erdia Tolosako Abesbatza Lehiaketak (Gipuzkoa). Aurten 51. aldia izango du, eta urte horietan guztietan lehiaketa babestu duen ikusleria goraipatuz hasi du aurkezpena Julian Lakunza TEE Tolosako Ekinbide Etxeko presidenteak. Elkarte hori arduratzen da lehiaketa antolatzeaz, eta, presidenteak esan duenez, "eskarmentu handiko ikusleria da: leiala, jakintsua eta aditua". Urriaren 31tik azaroaren 3ra arte egingo da lehiaketa.

Aldi honetan ganbera estiloko abesbatzek eta ahots taldeek hartuko dute parte. Ondorengo herrialdetako ordezkariak bilduko dira: Alemania, Espainia, Galizia, Indonesia, Japonia, Letonia, Lituania, Polonia, Suitza, Belgika, Erresuma Batua eta Ukraina. Ganbera estiloko abesbatzen artean, hamar ordezkari izango dira, eta ahots taldeen artean, berriz, sei ordezkari. Ganbera abesbatzen artean, zortzi talde misto, emakumezkoen talde bat eta gizonezkoen talde bat lehiatuko dira. Ahots taldeen kasuan, emakumezkoen lau talde eta bi talde misto.

Parte hartzaileek bi modalitateko lanak interpretatu beharko dituzte: polifonia eta folklorea. Polifonia modalitatean David Azurza tolosarraren eta Albert Alcaraz valentziarraren lanak abestu beharko dituzte: Azurzaren Buscando en mis amores obra ahots mistoek, eta, Alcarazen Nunc dimitis obraahots berdinek. Folklore modalitateko lanei dagokienez, Xabier Sarasola beasaindarraren eta Iker Gonzalez zumaiarraren lanak interpretatu beharko dituzte: Sarasolaren Neguan orbela obra ahots mistoek, eta, Gonzalezen Maitia obra ahots berdinek.

Xabier Ormazabal TEEko kidearen arabera, musikagile garaikideen aldeko hautua egin dute aurtengoan: "Gure apustua musikagile garaikideak aukeratzea izan da; [Azurza, Sarasola eta Gonzalez] hirurak euskal herritarrak dira, eta gure musika munduratzen dute". Gainera, "gazte balioak" bultzatu nahi izan dituztela azpimarratu du. Horretarako, azaroaren 2an, larunbatean, Juan Laboreria donostiarraren eta German Ormazabal tolosarraren errezital bat ikusteko aukera izango da Tolosako Topic auditoriumean; kantuaren eta pianoaren arteko nahasketa bat.

Azaroaren 3an amaituko da Tolosako Abesbatza Lehiaketaren 51. aldia, igandez. Belgikako Swara Vocal Ensemble taldeak egingo du azken kontzertua, San Frantzisko elizan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.