Euskadiko Orkestra Sinfonikoak IV. Musika Laborategia antolatu du gaurko Miramongo egoitzan, Donostian. Aurrena, 18:00etan, mahai inguru bat egingo dute Euskal Herriko Musikagileen Elkarteko bost konpositorerekin. Mikel Urkiza, Aurelio Edler-Copes, Javier Jacinto, Juan Jose Eslava eta Maria Eugenia Luc solastatuko dira, ondorengo galdera abiapuntutzat hartuta: XXI. mendean orkestrarako idazteko erronka: paradoxa, utopia edo aukera?. Gero, 20:00etan, konpositore horietako bakoitzaren obra bat joko du EOSek, Nacho de Pazen zuzendaritzapean. Mahai ingururako zein kontzerturako sarrera doan da.
EOSek «musikarien esku» jarritako «esperimentazio artistikorako gunea» da Musika Laborategia. Andres Orozco-Estrada orkestrako zuzendari titularraren ekimenez, 2010eko apirilean hasitako proiektua da, eta helburua da musikari gazteei haien ibilbide profesionalaren hasieran «laguntzea». Aurreko hiru aldietan bakarlari gazteak, orkestra zuzendari hasiberriak eta profesionalizatzeko bidean zeuden biola jotzaileak izan ziren laborategiko protagonistak. Orain, berriz, Musikagileak elkarteko bost konpositoreren txanda izango da.
Mikel Urkiza da EOSen egoitzan gaur bilduko direnen artean gazteena, eta, hain zuzen, haren Erio piezarekin hasiko da saioa. Gero, Edler-Copesen ¿Recuerda el mar quién camina sobre él? joko dute. Javier Jacintoren The Colors of Madrid-en txanda izango da hurrena, eta, ondoren, Juan Jose Eslavaren Desde el muro interpretatuko dute. Saxofoirako pieza da, eta Josetxo Silguero ariko da hori jotzen. Bukatzeko, Maria Eugenia Lucen Silencio blanco entzun ahal izango da.
Musikagileak-eko konpositoreen obrak joko ditu EOSek gaur
Mahai inguru bat eta kontzertu bat egingo dira Euskadiko Orkestra Sinfonikoak ondutako IV. Musika Laborategian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu