«Musikak elikatzen gaitu»

Capsula rock taldeak 'In the Land of Silver Souls' lana aurkeztuko du gaur Donostiako Mogambo aretoan

Coni Duchess, Ignacio Villarejo eta Martin Guevara, Capsula rock taldeko kideak. JUAN  PEREZ FAJARDO.
Jon Fernandez.
2011ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
In the Land of Silver Souls (BCore) diskoa atera berri du Capsula rock hirukote argentinar-bilbotarrak. Taldea Buenos Airesen sortu zen, 1997an, baina Coni Duchess (ahotsa eta baxua), Martin Guevara (ahotsa eta gitarra) eta Ignacio Villarejo (bateria eta perkusioa) taldekideek hamarkada bat baino gehiago daramate Bilbon bizitzen. Rocka, psikodelia, glama eta noisa dinamikoki uztartu dituzte beraien zazpigarren lanean, eta gaur aurkeztuko dute, Donostiako Mogambo aretoan, 00:00etan, Dead Meadow eta Sprindrift taldeekin batera.

Rocka zuzenekoak egitea delakoan daude taldekideak, eta urteak daramatzate errepidean, gelditu barik, munduko bazterretan kontzertuak emanez. «Asko gustatzen zaigu errepidea, itzuliak egitea, eta bizitzeko modua bihurtu zaigu, beharrizan bat», dio Duchessek. Azken diskoan, kontzertuetan erakusten duten indarra transmititu nahi izan dute batez ere, eta, horretarako, John Agnello soinu teknikari estatubatuarra izan dute ekoizpen lanetan. Besteak beste, Sonic Youthekin, Dinosaur Jr-rekin eta Bob Dylanekin lan egin du Agnellok, eta duela bi urte Capsularen kontzertu bat ikustean elkarrekin lan egitea proposatu zien. «Cadizko Monkey Week jaialdian ezagutu genuen elkar, eta asko gustatu zitzaion gure musika. Gainera, gure zuzenekoa ezagutzen duenez, primeran uztartu ditu teknika eta irudimena, diskoan ere kontzertuetako psikodelia transmititu ahal izateko», Duchessen arabera.

Zuzeneko indarrak eraman du Capsula, hain justu, mundu mailako sona hartzera. 2009an Austingo SXSW jaialdian (AEB) Rising Mountain (BCore) diskoko kantuak jo ostean, David Fricke Rolling Stones aldizkariko musika adituak urteko ustekabe handienetakoa izan zela idatzi zuen bere zutabean. Baina ez zen Capsulak txunditu zuen bakarra izan, Ruta 66 eta Mondo Sonoro musika aldizkariek ere 2009ko diskorik onena izendatu baitzuten.

Bilbon finkatuta

«Zorte handia izan dugu», dio Duchessek; baina bilatutako zortea izan da Capsularena. «Argentinan geundenean Europara joan nahi genuen rocka egitera, eta musikari lotuta aukeratu genituen bizitzeko hiriak. Londresen izan ginen lehenik, hango eszena eta taldeak ezagutzeko. Gero Berlinera joan ginen, betiere David Bowiek garai batean eginiko ibilbideari jarraituz, eta, azkenean, Bilbora iritsi ginen, 1998an». Taldeak bazituen arrazoi sentimentalak Euskal Herrian geratzeko, Martin Guevararen aitona-amonak Aguraingoak baitziren jatorriz. Alabaina, Bilboko musika eszenak txunditu zituen batez ere, «kontzertuak emateko aukera handiak eta Euskal Herriko musika taldeen maila handiak».

Nolanahi ere, Bilbon finkatu arren, «ezinbestekoa zaigu bidaiatzea, eszena eta soinu berriak ezagutzeko». Rockaren profesionalak dira Capsulakoak, hau da, pasioa dute ogibide. Baina rockarena ez da bizimolde erraza, Duchessek azaldu duenez: «Egunetik egunera bizi gara, jateko daukagu, eta kito. Oraingo musikariei ez nieke gure bizimodua gomendatuko, erosotasunetatik kanpo bizi baikara. Baina ez gara kexatzen, geure erabakia izan zen. Musikak elikatzen gaitu, eta asko betetzen gaituenez, merezi du sakrifizioak».

Dena dela, agenda betea du Capsulak, eta hurrengo kontzertuen zerrenda luzea da. Maiatzean, lau kontzertu egingo ditu. Hilaren 13an, Iruñeko Totem aretoan aurkeztuko dute lan berria, hilaren 14an Madrilgo Wurlitzer aretoan, hilaren 19an Bilboko Kafe Antzokian, eta hilaren 23an Bartzelonako Apolo aretoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.