Rock latinoaren oinarrietako batzuk finkatuz -Santana eta haien ondorengo musikari belaunaldien arteko zubia eginez-, esperimentazio musikalari ekinez-Tom Waitsek aitortua du gehien gustatzen zaion rock taldea dela-, herri musika mexikarra ezagutaraziz-haiei leporatu rantxerak eta korridoak modan jartzearen erruaren apur bat-, eta AEBetako txikanoen harrotasuna suspertuz... alde askotako poliedroa osatu du Los Lobosek 1976ean lehen diskoa kaleratu zuenetik.
Alde horiek guztiak topatuko dituzu taldearen disko bakoitzean. Osagai horien arteko orekak, ordea, erabat baldintzatzen du azken emaitza. Izan daiteke tex-mex musikaz betetako La pistola y el corazón, izan daiteke zarataz, bihurgunez eta elektrizitatez betetako Kiko edo izan daiteke errodun rockaz jositako ...and A Time to Dance. Batzuetan kosta egingo zaizu hiru disko horiek talde berberak kaleratu dituela imaginatzea.
Aipatutako hirugarren kategoria horretan kokatu behar dugu Tin Can Trust. Zapore klasikodun disko indartsu, sendo eta heldua. Berriro ere konposizioak, kantuak, dira oinarria. Baita ere negozioan 30 urtetik gora daramatzaten musikarien jakindurian oinarritutako moldaketa zentzudunak. Ez duzu originaltasun izugarririk topatuko, ez dago kantu bikain pare baten osagarri izateko sortutako beste kantu sorta bat. Ez dago moderno izateko inongo behar eta intentziorik. Hasi eta buka, tirada batean entzuten den disko borobil, bakan horietako bat da. Ahoan zapore bikaina eta berriro entzuteko gogoa uzten dizu.
Country rockez betetako Burn it Down kantuaren gitarra akustikoekin hasi, ukitu beltz nabariko On Main Street-ekin jarraitu, Yo canto cumbiari leku egin eta diskoari izena ematen dion kantuaren sarrera delikatua topatu, Jupiter Or The Moon-en gitarra lunatikoei leku egin baino lehen... Ez da askoz gehiago behar sofan eroso jarri, bolumena igo, garagardoa hartu... eta hiru ordu laurden emango dituzu musikarekin gozatzen.
LOS LOBOS
Diskoa: 'Tin Can Trust'.
Diskoetxea: Polydor.
MUSIKA
Musikarekin gozatzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu