Lau ekitaldi, hiru ordu, bi pertsonaia eta amaiera bat. Aurtengo 68. Musika Hamabostaldiak agur bero bat eskaini digu hurrengo urtea arte. Hilabete luzean entzun diren milaka musika notak eztanda egin zuten Otello operarekin. Arrigo Boitoren hitzetan, Shakespeare «idazle handiaren» Othello eleberri berean oinarritzen da Verdirena. Bertan, Otello pertsonaiak, sinesmen lela batek jota, erokeriaz zipriztindutako ekintza mordoa garatzen ditu kontaketa osoan. Betiko amodio, gaizkile eta oztopatzen duten pertsonaiak azaltzen dira, kasu honetan aparteko handikeriaz jantzita gainera.
Koloniako orkestrak opera osoki gainditu zuen, pasarte askotan lan polita eskainita. Aurreko Straussen Alpeetako sinfonia-n bezala, haize egurra desoreka handiz entzun zen, txistukada bizian, hariaren epeltasunetik at. Metalak egun oparoa izan zuen Verdiren musiketan barrena, tronpetak biribil eta tronboi alemaniarrak pistoizko musika-tresnetan zital. Baina gailurraren tontorrean hari taldea kokatzen da, txelo dotore eta lehenengo biolin ederrak nabarmenduz. Orkestra honetan kontzertinoaren rola nabaria da, uneoro neke izpirik gabe eta bihotzeko umiltasunez orkestra bere erara zuzenduz.
Bakarlarien artean Botha jaunaren eguna izan zen. Verdi on bat interpretatzeko behar den ahotsa du, fisikoki bikain datorkio rola eta gainera sineskor egiten du. Agian zenbait unetan partiturarekin kantatzeak eskatzen duen komunikazioa urria izan zuen, baina auditorioa guztiz bete ez zuen, eta musikazaleei egundoko maisulana agerrarazi zien. Focile sopranoak gora-beherak izan zituen, ahots laua, Verdiren handitasuna ezkutatuta eta hirugarren ekitaldiko Ave Maria ezagunean, lekurik ez zuen goibeltasun xumez interpretatuta. Guelfi tenorraren lana apartekoa izan zen, opera osoaren hari eroalea izanik, narrazio sakonak helaraziz.
Etxeko Donostiako Orfeoiak lagun bat izan zuen harmailetan, Koloniako orkestraren berezko abesbatza. Bi taldeen artean sendotasuna agerian geratu zen, etxekoek Brahmsen kikiltze uneak alde batera utzita, adore eta kementsu bete zuten egin beharrekoa.
Orora, Hamabostaldi min honek zapore ezberdinetako sentipen interesgarri eta atseginak utzi dizkigu. Denboraldi berriari ongi etorri beroa eskainiko diogu hemendik gutxira, Hamabostaldiaren eta kalitatezko musikaren lekukoa jaso eta biziki jariatuz.
Zuzendaria: Semion Bytxkov. Orkestra: Koloniako OrkestraSinfonikoa. Abesbatzak: Koloniako Abesbatza, Donostiako Orfeoia eta Orfeoi Txikia. Bakarlariak: Johan Botta (Otello), Nuccia Focile (Desdemona), Carlo Guelfi (Jago) eta Tiziana Tramonti (Emilia). Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Irailak 4.
Donostiako Musika Hamabostaldia
Musikaz ase, gozamenaren base
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu