«Nafarroa araua da, ez salbuespena»

Azken hiru hamarkaden azterketa kritikoa egin du Aingeru Epaltzak 'Bezperaren bezpera' lanean

Alberto Barandiaran.
2007ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
ETAren azken su-etenaren garaian hasitako liburua da Bezperaren bezpera (Pamiela). Bertan, Aingeru Epaltzak (Iruñea, 1960) Euskal Herriaren azken hiru hamarkaden gaineko begirada subjektiboa pausatu du, galdera batetik abiatuta: «Zer arraio gertatu zaigu azken 30 urteetan? Zer uste genuen, eta zer gertatu da?».

Kazetari batek idatzitako saiakera da, egileak berak prentsan argitaratutako zutabe eta iritzi lanen berridazketa edo. Horregatik, liburua nika eta guka idatzita dago. «Ez dut zaurian piko egin nahi izan, ez dut krudela izan nahi izan, nahiz eta horretarako aukerak badauden. Errespetu handiz idatzi dut, baina ondorio honetara iristeko: zer gaizki egin ditugun gauzak».

NAFARROAZ, BAINA EZ NAFARRENTZAT. Nafarroaz ari da egilea. Bat eginik kanpaina, Mikel Zabalzaren heriotza, Diario de Navarra egunkaria, Juan Cruz Alli politikaria, Napartheid egitasmo kulturala, Nafarroa Bairen sorrera... Kapituluz kapitulu, eskualdeko bizitza politiko, kultural eta sozialaren protagonistak igarotzen dira irakurlearen begien aurretik. Ardatza abertzaletasuna eta euskaltzaletasuna dira. Eta tesi nagusia, Nafarroako gizartea ez dela horren berezia. «Askotan esan izan digute gu garela salbuespena, eta mendebaldeko lurraldeak, berriz, araua», azaldu du Epaltzak. «Baina nik alderantziz uste dut. Nafarroa gure metafora handiena dela, ez delakoz salbuespena, araua baizik».

Eta nola amesten genituen gauzak 1977an, bada? «Oso bestela, behintzat, bai», erantzun du idazleak. «Gure inguruan begiratu besterik ez dago, gaur egun zer dugun ikusteko. Eta erraz ondoriozta dezakegu oso urrun gaudela amesten genuen guztitik. Urruntze horrek badu osagai bat: halabeharra, patua, dudarik gabe, hor daude, baina gerok ere egin dugu zer edo zer gaizki. Guk hartutako erabakien ondorioa da gaur egungo egoera».

Liburuaren atzeko azalean, testu argigarriagoa, akaso. «Nafarroa gakoa da, itxuraz, gatazka zorionekoaren konponbidean. Halako karga egozten diote. Halako erantzukizuna ematen. Bai Euskal Herria eraiki behar dela uste dutenek. Bai jo eta ke deseraikuntzan ari direnek ere. Liburu honen egileak aspaldi ez du garbi bereizten nor diren batzuk, eta nor bertzeak. Nor etxegileak, nor desegileak. Begietan lausoa, egileak».

«Ezkorra? Ez, ezkorra ez da», azaldu du Epaltzak. «Baikorkeriaren kontrako antidotoa, hori bai». Borroka armatuaz, hauxe: «Inork ez dezala pentsa borroka armatua bihar desagertuko balitz bat-batean panorama aldatuko litzatekeela. Belaunaldi batez ordaindu beharko ditugu ondorioak».

Eta ez dela soilik nafarrentzako liburua. Arabari buruz kapitulu oso bat dago, esaterako. «Baina Arabaz mintzatzeko beldurra dugu askotan, galdera gehiegi egitera behartzen gaituelako».

Abertzaletasunaz, hauxe: «Dotrina berraztertu beharra dago. Estatuaren amets hori, esaterako... Ez ote garen beti gazte patetikoen gisara jokatzen ari. Nahi ditugunen eta ahal ditugunen arteko konpromiso bat hartzeko garaia ez ote zaigu iritsi?», galdetu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.