Nafarroako Gobernuak udako kultur programazioari eutsiko dio

Kultura Departamentua neurri berriak planifikatzen ari da, normaltasunera itzultzeko prozesuan sektorearen beharrei erantzuteko.   

Rebeca Esnaola kontseilaria, Internet bidez egindako agerraldian. NAFARROAKO GOBERNUA
Ane Eslava.
2020ko apirilaren 16a
19:01
Entzun

Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiak udan antolatzen dituen programei eutsiko diola iragarri du Rebeca Esnaola Kultura eta Kirol kontseilariak, eta «osasun jarraibideen arabera» moldatuko duela. Hala, Kultur programa, adibidez, uztailean eta irailean egingo dute, ekainean egin beharrean, eta Erriberriko Antzerki Jaialdia, Organo Musika Zikloa, Landarte eta Lizarrako Antzinako Musikaren Astea ere mantenduko dituzte. 

Kulturaren sektorea da COVID-19aren krisia gogorren pairatzen ari direnetako bat. Alarma egoera ezarri aurretik ere, jarduera ugari bertan behera uzten eta aretoak ixten hasi ziren, eta oraindik ezin da jakin nola itzuliko den sektorea normaltasunera. Hori adierazi du kontseilariak gaur arratsaldean modu telematikoan egindako prentsaurrekoan: «Aurre egin behar diogu ziurgabetasun handi bati, ez dakigu noiz berreskuratu ahal izango den kultur kontsumoa eta praktika». Hori dela eta, esan du saila «eskura dauden baliabideak aztertzen» eta neurriak hartzea planifikatzen ari dela egungo beharrei erantzuteko, Ogasun Sailarekin elkarlanean eta osasun jarraibideei jarraituz. 

Azaldu duenez, neurri horiek kultur eragileek proposatutakoak dira, hala nola herritarrek kultur ohiturak berreskuratzeko komunikazio kanpainak, kultur mezenasgoa suspertzeko kanpainak eta kontsumoa sustatzeko kultur bonuak. Hala ere, ez du neurri horien inguruko xehetasun gehiagorik eman, eta ez du zehaztu noiz jarriko dituzten martxan. Bonuen inguruan, adibidez, esan du oraindik ezin dutela zehaztu noiz sortuko dituzten, «herritarrek kalera atera behar dutelako horietaz baliatzeko».

Bi milioi euro kultura eta kirol sektoreko autonomoentzat

Nafarroako Gobernuak langile autonomoei laguntzeko premiazko neurri fiskal eta ekonomikoak onartu zituen atzo, eta kontseilariak ziurtatu du laguntza horietatik bi milioi euro kultura eta kirol sektoreetara bideratzea aurreikusten dutela. Gainera, esan du arduratu direla neurri horiek «kultur sektorearen ezaugarriak bildu zitzaten»; horretarako, hogei bilera inguru egin dituzte sektoreko eragileekin. «Orain, garrantzitsua izango da sektorearen pultsua hartzea, neurri horiek eraginkorrak izaten ari diren egiaztatzeko», gaineratu du.

Azkenik, azaldu du kultur arloko diru laguntzen aurtengo deialdien oinarriak moldatzen ari direla, horietan kontuan hartzeko proiektuak sortzeko prozesuak, eta ez hainbeste horiek erakusteko edo taularatzeko prozesuak, horietarako zailtasunak egongo direlako. 
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.