Hamalau piezako bilduma bat eskatu zion Nafarroako Komiki Azokak H28 aldizkari saretirikoari, baina eskatzaileari ez zaizkio aldizkariak aurkeztutako hamalauak gustatu. Haietako bi ez dituztela erakusketan jarriko jakinarazi diete azokako kideek H28-koei, eta, azken horiek lan guztiak argitaratu ezean, azokan parte hartzeari uko egin diete. Opus Deiri buruzkoa da zentsuratutako lan bat, eta torturari buruzkoa bestea.
Bi lan horiek argitaratu nahi ez izatearen arrazoia edukia dela argi esan du azoka antolatzen duen Tiza elkarteak. H28-k jakinarazi duenez, “Opusena gehiegizkoa iruditzen zaigu, ez dugu uste kolektibo oso hau pedofiliaren gaiaren barruan sartu beharko litzatekeenik", argudiatu diete aurreneko lana kentzeko. Eta torturaren kontrakoa kentzeko, berriz, honako hau esan diete: “Ez zaigu horri buruz hitz egiteko lekua iruditzen, ez behintzat hain modu esplizituan. Egia da torturarena, baina beste modu batean ere esan daiteke”.
Bi lan horiek argitaratuz gero azoka diruz laguntzen dutenekin arazoak izatea ere gerta litekeela azaldu die Tiza elkarteak aldizkari saretirikoko kideei. Horiek berena duten ironiaz erantzun diote argumentu horri: "H28 aldizkariko kideak prest azaldu dira antolatzaileei beren marrazkiek komiki azokan utziko duten hutsunea bete ahal izateko El Corte Inglesen katalogo bat helarazteko. Bereziki interesgarriak dira, adibidez, altzariei eta etxetresnei buruzko orriak. Akaso, horrela, prezioa izango da Tiza elkartekoek edukiko duten arazo bakarra, eta ez edukia".