Orain arte bulego eta ikasgelak apaindu dituzte, baina orain museoetan daude ikusgai. Nafarroako Unibertsitate Publikoko funts artistikoa osatzen duten arte garaikideko obrak dira, eta erakundeak horien erakusketa ibiltaria antolatu du 25. urteurrena ospatzeko. Pintura eta Unibertsitatea. NUPen bilduma, bere 25 urteurrenean izenpean aurkeztu dute Lizarrako Gustavo Maeztu museoan eta irailera arte egongo da han. Gero, Tuterako Maria Forcada Fundazioan egongo da; eta ondoren, Iruñeko Nafarroako Museoan.
25 artistaren 25 obrek osatzen dute bilduma. «Obra bat urte bakoitzeko», azaldu du Camino Paredes Gustavo Maeztu museoko zuzendariak. Berak koordinatu du erakusketa, eta berak egin du aukeraketa NUPek duen argazki, margolan eta eskulturafuntsetik. «Unibertsitateak bilduma esanguratsu eta zabala du, eta Nafarroako margolanen ikuspegi distiratsua da», adierazi du. Artistarik gehienak Nafarroan bizitakoak edo Nafarroakoak dira; izan ere, herrialdeko margolaritzaren inguruko hausnarketa «xume» bat egitea izan da koordinatzailearen helburua. «Artista guztiak ez dauden arren, daudenek egiteko nabarmena dute Nafarroako margolaritzan».
23 margolan eta Jorge Oteizaren eta Antonio Eslabaren bi eskultura daude ikusgai erakusketan. Obren diskurtsoan koherentzia lortu nahian, modu kronologikoan antolatu dute erakusketa. Obrarik zaharrena Mariano Royo donostiarrarena da, 1982. urtekoa; eta berriena, berriz, Elena Goñiren El Rio (Ibaia), 2009.urtekoa. Azkeneko hamarkadetan Nafarroako margolaritzak izan duen garapenaren isla dira denak, eta hiru belaunaldi bereizten dira haien artean, Paredesen hitzetan. Lehenengo belaunaldikoek modernitatearihasiera eman zioten. Bigarren eta hirugarren belaunaldikoetan, berriz, abstrakzioa agerikoagoa da eta Angel Arberen Sifón y botella de ron margolanean, adibidez, teknologia berriekiko lotura nabaria da.
Obretan jarraipen bat dago, eta artistengan bereziki Isabel Bakedanoren eragina nabarmendu du Paradesek: «Estetikoki eta kontzeptualki panorama irauli zuen,eta, horri, 1972an Iruñean egin zen artisten topaketa gehitu behar zaio». Margolaritzaren norabidea alda zitekeela ikasi zuten bertan artistek eta hortik abiatzen da erakusketa.
Koordinatzailearen arabera, margolariak lotzen dituzten ezaugarri batzuk badaude: indibidualismoa, lanbidearen ezagutza egokia, naturarekiko konpromisoa, kolorearen erabilera eta lasaitasuna. «Nabarmenena naturarekiko maitasuna da, azken bost hamarkadetan izan dena. Baina natura agertzeko moduak askotarikoak dira obra hauetan». Paredesen arabera, nafar margolaritza arreta puntu bat da pinturarekiko interesa duten guztientzat, uste duelako Nafarroan gaur egun oso artista onak daudela.
25 urte, 25 obra
Helburu nagusia da unibertsitatearen funtsaren zati bat gizarteari erakustea. Hala ere, Nafarroako artistak herritarrei hurbiltzeko modua ere badela argitu du Eloisa Ramirez NUPeko Gizarte eta Kultura Proiekziorako errektoreordeak: «Kultura eta artea izen handiko hiru gunetara eraman nahi genituen piezak. Herriarentzat eskuragarriago egongo dira». Horregatik hautatu dituzte Lizarra, Iruñea eta Tutera.
Unibertsitatea 1990. urtean hasi zen bere bilduma osatzen. Errotuladorez marraztutako Rafael Albertiren usoetako bat izan zen eskuratutako lehenengoa. Unibertsitatera egindako bisita baten ostean, eskerrak emateko oparitu zion erakundeari. Geroztik, oparitutako edo erositako obrekin osatu dituzte funtsak. «Izan ere, Nafarroako Unibertsitate Publikoak, hasieratik, konpromisoa eduki du artearekin», dio Ramirezek.
Nafarroako margolaritzaren ispilua
Bere arte funtsak Lizarran, Tuteran eta Iruñean jarriko ditu ikusgai Nafarroako Unibertsitate Publikoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu