Ana Arsuaga.
Bi ahotsetara

Nahi duzun mundua

2024ko martxoaren 3a
05:00
Entzun

Christina Rosenvingeri irakurri nion elkarrizketa batean berak nahiago zuela feminismoari buruz hitz egitea baino, praktikatzea, eta, beraz, gauzak nahi lituzkeen moduan egitea. Esaterako, musikari emakume gutxi zegoen eszena batean hasi zenean, bera musikari emakumea izatea, adibidez, eta hor eustea. Ekintzekin posizio politikoa definitzea da, noski, gauzak aldatzen dituena.

Zentzu horretan, musikan edo artean, abesti edo pieza bati forma ematen diogu, eta eragiketa horrek suposatzen du mugak jartzen dizkiogula sorkuntza horri; hau da, non hasten den, non bukatzen den, zer itxura edo soinu izango duen zehaztean, emaitza zein izango den finkatzen dugu, nahiz eta gero, erreakzioak edo gustua edo garapena gure eskuetatik at geratuko diren.

Prozesu horrek gure kontrol-gaitasunarekin zerikusia dauka, gure erabakiekin, gure gogoarekin, desirekin, bultzadekin…eta, nire ustez, diskurtsorik gabe, erabaki horietan ikusten dira ikusi beharrekoak. Ez bakarrik posizio politiko jakin batzuk, nahiz eta hori batzuetan aldez aurretik kalkulaturik ez egon, baizik eta baita gure desirak sortu dezakeen mundu oso bat ere.

Nire kasuan, adibidez, hori da musikan aurkitu dezakedan gauza ederrenetakoa; nahi dudan mundua dela, musikaren bidez eraikitzen dudana, nolabait. Nik jartzen baititut legeak, nire aukeran oinarritzen delako emaitzak zein izan behar duen, nolakoa izan behar duen abesti horrek, edo nik nola egon behar dudan eszenan. Eta bizitzan ez da horrela, ez dut nik erabakitzen zer dagoen ondo eta zer gaizki, nola izan behar duten gauzek, eta, beraz, horregatik, galdetzen didatenean zergatik naizen lotsatia eszenatokitik kanpo —edo eszenatokian bertan, abesti batetik bestera igarotzean, baina ez, ordea, abesten nagoenean—, hori pentsatzen dut; nire kontzertu edo diskoen epaimahai nagusia ni naizela, nire estandarrek sortu duten zerbait delako. Aldiz, mundu erreala ez dute nire estandarrek sortu, eta beraz, ez nago hain eroso.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.