Carlos do Carmok arnasarekin batera barneratu zuen fadoa, baina ez zuen fado kantaria izan nahi. Horretarako, nahikoa zuen ama: Lucilia do Carmo handia; horretarako, nahikoa zuen aitaren Lisboako O Faia fado etxea. Eta atzerrira jo zuen artean nerabe zela, Suitzara. Hizkuntzak eta ostalaritza ikasi zituen han. Lanean ere hasi zen, baina, 1962an, aita hil, eta Lisboara itzuli zen,O Faia kudeatzera. Hango bezeroentzako kantatzen hasi zen, etxetik arnastutako aireak bossa novarekin eta maite zituen kantarien estiloarekin Jacques Brel eta Frank Sinatra, esaterako nahastuz. 1963an argitaratu zuen lehen diskoa: Loucura. Berehalakoa izan zuen arrakasta.
Portugesen memorian iltzatuta geratu diren aleak eman zituen: Lisboa, menina e moça, Os putos,Fado da saudade... Komunista zen, eta Krabelinen Iraultzarekin batera loratutako fado berriaren ikur bihurtu zen. 1980ko urteetan, nazioarteko kritikarien onespena ere jasotzen hasi zen. 2019an zuzeneko emanaldiak uztea erabaki bazuen ere,E ainda diskoa grabatua utzi du. baina ezingo du aurkeztu, atzo hil baitzen, 81 urterekin.
HILBERRIA. Carlos do Carmo
Nahi gabe ere, fadoaren ikur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu