«Nahigabe handia» agertu dute Txillida Lekuko langileek itxieragatik

Museoa bideragarria dela diote, eta zutabe nagusiei eutsi beharko liekeela, «artistak pentsatu zuen bezala»

Erredakzioa
Donostia
2011ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Txillida Leku museoko eta Eduardo Txillida-Pilar Beltzuntzefundazioko hemeretzi langileek «nahigabea handia» agertu dute, museoak zabalik jarraitu ahal izateko egin diren negoziazioek ez dutelako fruiturik eman eta arduradunek museoa ixtea erabaki dutelako. Erabaki horren ondorioz langabezian geratu diren langileek ez dute inolako zalantzarik museoaren bideragarritasunaren inguruan, eta negoziazioek egunen batean ondo amaitzeko «konfiantza» agertu dute, atzo prentsara igorritako agiri baten bidez. «Uste dugu badirela museo honi jarraipena eman diezaioketen hainbat kudeaketa formula».

«Obra gertutik ezagutu dugun guztiontzat, ez luke zentzurik izango museoak, bere zutabe nagusiei eutsiko ez balie, artistak pentsatu zuen bezala», gehitu dute langileek agirian. «Horrek bermatzen du egiazkotasuna, eta horrek egiten du museoa bakar eta ezberdin».Txillida «euskal artista unibertsala» dela diote, eta hartaz gogoratzen direla beti «gure lurra promozionatzen ahalegintzen garenean».

Familiari, esker ona

Langileen artean ez dagoela Txillida familiako kiderik ohartarazi dute, eta «balio profesionala» izan dela beti haiek aukeratzeko erabili den irizpidea. «Guztiok bizi izan dugu museoa, eta geure egin dugu. Oso gustura gaude azken hamar urteotan jaso dugun ezagutzarekin eta eskarmentuarekin, eta Txillida familiari eskerrak ematen dizkiogu, bere egitasmoan parte hartzeko aukera eman digulako, gaur egun donostiar, gipuzkoar eta euskal herritar guztien egitasmoa izan beharko lukeen horretan».

Gorka Maneiro UPDko parlamentariak Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuaren agerraldia eskatu du Eusko Legebiltzarrean, Txillida Lekuren inguruko negoziazioei buruzko azalpenak eman ditzan. Maneiroren ustez, familiak jarritako baldintzak «zentzuzkoak» dira, eta Jaurlaritzak «arrazoi ekonomikoak lehenetsi ditu», artistaren obraren balioa gutxietsiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.