«Besteak bizirik daude oraindik,
aulkietan esertzen diren agure zaharrak,
sonbreiruak erantzi gabe guztiari begira…»
Lawrence Ferlinghetti
Zortzi urte baino ez zituen Luigik Calabriako mendien bestaldean eguzkia ezkutatzen azkenengoz so egin zuenean, 1894ko abuztuan. Anselmi familia Gaglione herrixkatik Chicago hirira joan zen egun haietan, italiar hegoaldeko buztinezko eremu lehorrak atzean utzirik. Gibelean geratu ziren berunezko eguzkien azpian makurturiko aihen eta gorputzak. Gibelean geratu ziren amildegietako ahuntzak, arrailduretako sugeak, malariak horiztaturiko haur masailak, eta aro sargorietako euri eskeak. Gaglione hilen hezurren gainean eraikiriko herria zela esaten zuen bertako enterradoreak zakur galduek lurpetik hezur zurixkak ateratzen zituztenean.
Atzealdean uzten zutena gibelean eta bihotzean zeramatenez gero, Ameriketara zihoazenek ez zuten atzerantz begiratzen.
Itsaso Atlantikoa iragan eta New York agertu zen. Lurralde berriko portura iristean Vicenzo Anselmiren jabego guztia paper zimurtuan izkiriaturik zekarren Chicagoko ahaideen helbidea zen, hiru maleta zahar eta hiru seme-alabarekin batera. Vicenzoren emazte Giuliak ezin zuen garbitu, eta begiratu egiten zuen, haurren larruan eta ekarri objektuetan itsatsiriko hauts arrea, gaglionetarrei sorterriaren ezagugarritzat geratzen zitzaiena.
Vicenzo labekari enplegatu zen, ogigintzan, ailegatu eta sei hilabeteren buruan. Alogera, bazter auzoko etxebizitza hertsian anderea eta seme-alaba biak iraunarazteko bezainbestekoa zen. Luigi zortzi eta Margherita hiru urtekoak ziren. Carlo, bien artekoa, Chicagora heldu berri zirela hil zitzaien. Hala ere, urte batzuk geroago, beste haur bat erditu zuen Giuliak, eta amerikar semeari izen amerikanoa ipini zioten, William edo Billy.
Luigi ez zen etxean zarraturik usu geratzen. Mutiko zatarren gisan ibiltzen zen karriketan zehar, prentsa paperak oihuka salduz eta oinetakoak zapata-garbitzaile beltzen estiloan garbituz. Zarama ontzietan aurkituriko errebistak, txikleak eta oinetako zintak ere aldarrikatzen zituen zentimo batzuk gehiago irabazteagatik, papera eta herdoila gehiegi zituen hiri hartan. Etxe abandonatuetan loak hartzeko etzan, ihesean ostatuen osteetan ezkutatu edota begi gosetuak gozotegietako eskaparateetan eskegitzen zituen. Hala, beltzaran eta ihar hazi zen espaloietan barrena. Gutxi mintzatzen zen, italiar ahoskera igarri ez zekion, eta keinu eta ukabilen lengoaian trebatu zen, ordez. Hamazazpi urte zituela, ogibidez kale-garbitzaile zen arren, distritu elektoralean larderiaz agintzen zuen bandaren buru egin zen.
Big Jim Colosimo zen Chicagoko hondoko nagusia garai haietan. James Colosimo, Jim Handia, prostituzioaren erregea bihurtua zen, hau ere zapata-garbitzaile izan ondoren. Zapata-garbitzaile ugari behar ziren, hain zikin zeudelarik kaleak, jende dotorearen oinetakoak txukuntzeko. Verdi eta Puccini maite omen zituen, gainerako guztien gainetik, eta laket zitzaion fotografietan Amelita Galli-Gurcia eta Enrico Carusorekin azaltzea. Behin, diru eskasia aldian Vicenzori lagundu zion eta, Anselmi familia ezagutzen zuenez, Jim Handiak hurbildik begiratu zituen Luigiren urratsak. Otsaileko ilunabar hotz batean, etxera etortzeko agindua bidali zion, haur besoetako bat bezala estimatzen zuela esateko, eta Armour hiribideko putetxe berriaren ugazaba izendatzeko.
Bi hilabete geroago, Luigi italiar sendiko neskatila batekin esposatu zen. Michaela Scalasi deitzen zen. Ondoko bi urteetan edarien kontrabandoan jardun zuen, eta beste hiru putetxe zabaldu zituen James Colosimoren babespean. Honek sarritan gonbidatzen zuen afari eta dantzaldi hotsandikoetara. Gazte hura nor zen galdetzen ziotenean, etxeko bat zela erantzun ohi zuen Jim Handiak. Eta bere bizkartzainen arteko aukeratu zuen laster Luigi azkarra, armekin abila eta izatez leiala zelako.
Hogeita hiru urte zituenerako, hortakotz, Luigi Anselmi aski aberatsa zen, gurasoak eta anai-arrebak babesten zituen, eta emazteak bikiak erditu zizkion. Ez zen handizalea, zegokion suertearekin konforme zebilen. Baina, berak egoera baretzea eta irautea nahi zukeen unean, gizartea dardaraka hasi zen, Chicagoko hormak oro odolez eta negarrez bustitzen zirela. Bizitza den bidaiaren erdian, haurtzaroko miseriari zegokion heldutasun aroko fortuna konpentsazioa iritsi beharrean, umetako ikara jarraiarazten zuen gatazka gotorra hedatu zen Ameriketako hirietan, gizartea aho-sokei amore ematen ez dien zaldi eroa bezalakoa delako.
Kentuckyko mendiek ez zuten halakorik sekula ezagutu, ordura arte. Azpimunduko armak heriotza emaro barreiatzen hasi ziren ezkutuan eta agerian. Eguneroko gauza bihurtu zen edozein kale itxitan edozein gorpu kausitzea. Whiskia eta garagardoa erioka eta gainezka banatzen ziren, jokoa eta prostituzioa estalpean eta kanpoan ugaltzen ziren, mintegiko landareak hazten diren antzera, eta bankuak ere planak isil-gordean egin ondoren egun-argiz atrakatzen ziren. Metraileten tra tra traka ozenak oihartzun egiten zuen kale arte haietan: San Balendin gauerdian, ohean zeutzan maiteminduak ohartu ez arren, North Clark kaleko garajearen aurrean zazpi gizon lurreratu ziren zerraldo. Ustekabekoa bazen zen, hildakoentzat batez ere, jazoera ez zen inondik ere ezohikoa. Kartzeletan espazioa gutxitu arren, kaleetan hiltzaileak gero eta gehiago ziren. Berunez astunagotzen ziren bide bazterrak zein hilobiak, eta odolez margotzen ziren ispiluak.
Bill Liebeck sutsuak, esate baterako, odolezko ispiluan begiratzen zion bere buruari ia goizero. Ez omen zuen gupidarik, eta bizitzak, propioak ere, ez omen zuen balio handirik. Traizioa osatzen, ostera, ez zen artisau ona suertatu. Zurruteroa zen, eta errazago hiltzen da mozkorra lehorra baino. Luigik konplitutako lehen hilketa izan zen, tabernaren atarian browning eztanda bik piztu zuen une batez gaueko iluna. Han amatatu zen Bill Liebecken gorputz anker eta bustia. Ordurako heriotzarekiko tratuan trebaturik bazegoen ere, Luigik dardara sakon bat sentitu zuen. Baina laster bueltatu zen dena normaltasunera edo normaltasun moduko hartara.
Liburu aurrerapena
Narrazio guztiak (1978-1989) -'Figlio di cane'-
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu