Natura hilaren inguruan soilduz

Alfredo Alcainen ibilbidea laburbiltzen du Bilboko Rekalde aretoan inauguratu berri duten erakusketak

Alfredo Alcain artista madrildarra, atzo, Rekalde aretoan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Eguneko bizitza oinarri dute Alfredo Alcain (Madril, 1936) pintorearen artelanek. Etxe ondoko mertzeria, ile-apaindegia eta janari denda ikus daitezke horietan, besteak beste. Kolore biziko frutak, pitxerrak, botilak eta kartak irudikatzen ditu maiz natura hiletan. Betiere, bere begirada koloretsu eta alaiaren bidez. 40 urteren buruan, eguneroko objektu horiek hartzeko eta irudikatzeko haren modua «soildu» egin da, haren adiskide Bernardo Atxagaren arabera. Atzo Bilboko Rekalde aretoan izan ziren biak, pintorea eta idazlea, Alcainen ibilbidea laburbiltzen duen erakusketaren inaugurazioan. Orotara, 40 urtean egindako ehun lan inguru bildu dituzte, 1969tik 2011ra bitartekoak. Erakusketa azaroaren 18ra arte egongo da ikusgai.

Rekalde aretoan artistaren margolanak, eskulturak, marrazkiak eta lan grafikoak ikus daitezke. Hasierako auzoko dendetako erakusleihoak eta eraikinen fatxadak, 70eko hamarkadan sortutako petit-point mertzerietan saltzen dituzten sareen gainean pintatutako margolanak, telefonoz berba egin eta bitartean marraztutako lanak bildu dituzte, besteak beste. Baita gerorako natura hilak eta azken hamarkadetako artelan abstraktuak ere. Artistak berak azaldu bezala, jorratu izan dituen gai guztiak ikusteko aukera dago. Lanak gai horien inguruan antolatu dituzte, halaber. Rekalde aretoan agerikoa denez, askotariko formatu eta teknikak erabili izan ditu lanak sortzerakoan. Baina kolorea beti izan da garrantzitsua guztietan.

Madrilgo Monetaren Etxearen museoaren laguntzarekin antolatu dute erakusketa. Bilbon bildutako lanetako batzuk 2012aren hasieran han egon ziren ikusgai. Han marrazkiak eta lan grafikoak baino ez zituzten erakutsi. Bilbon, ordea, horiekin batera artistaren hainbat margolan eta eskultura bildu dituzte, lana testuinguruan kokatzeko asmoz. Artelanak hainbat bilduma publiko eta pribatutatik hartu dituzte maileguan.

Pop artearen maisua

Espainiako pop artearen erakusle nabarmenetakoa da Alfredo Alcain, adituen arabera. 60ko hamarkadan pop anglosaxoia kontsumo gizarteari begira jarri zenean, Alcain Espainiako gizarte tradizionalean oinarritu zen bere pop mintzaira garatzeko. Hasierako estilo natural eta figuratibotik linealtasunean oinarritutako estilora jo du artistak, eta, urteen buruan, abstrakziora. Hala, bilakaera hori laburbiltzen du erakusketak. Haren ibilbidea aintzat hartu eta 2003ko Arte Plastikoetako Espainiako Sari Nazionalarekin saritu zuten.

Pintorearentzako poema

Erakusketaren harira publikatutako katalogoan, Bernardo Atxagak pintoreari dedikatutako poema argitaragabe bat irakur daiteke (Alcain), euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Alcainen lanaz ari da Atxaga poeman, baita pintoreari dion mirespenaz ere. «Beste pintore batek, Ricardo Tojak dion maitasunagatik ezagutu nuen Alfredo Alcain. Beti berak esaten zidan: hemen dago bat izugarri ona dena, guztion gainetik dagoena, eta hori Alfredo Alcain da», azaldu zuen idazleak.

Tojak Alcaini dion mirespenak eraman zuen Atxaga Madrilgo artistaren lanera, eta egun idazleak berak dion mirespenak eraman zuen atzo Bilboko Rekalde aretora: «Mirespena, niretzat, oso sentimendu askea da. Zuk norbaitenganako halako mirespena daukazunean, halako maitasuna daukazu beragatik, bere lanagatik. Horrek ez dauka atzetikan inolako oinarri txarrik», azaldu zuen, «eta nik mirespena sentitzen dut bizirik dauden hainbat pertsonarengatik, eta horietako bat Alcain da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.