Donostiako 59. Zinemaldia

«Naturaz gaindiko auzietan giza faktorea aurkitzea atsegin dut»

Juan Carlos Fresnadilloren 'Intruders' filmak ireki du Zinemaldiko sail ofizialaBeldurrezkoa baino gehiago, beldurrari buruzko thriller fantastikoa da zuzendariak lehiaketatik kanpo aurkeztutako pelikula

Carice Van Houten, Juan Carlos Fresnadillo zuzendaria, Ella Purnell, Daniel Bruhl, Clive Owen eta Pilar Lopez de Ayala, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2011ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Beldurrezko film batek ireki zuen atzo Donostiako 59. Zinemaldiko sail ofiziala. Beldurrezkoa baino gehiago, beldurrari eta haren erroei buruzkoa, Juan Carlos Fresnadillo zuzendariaren hitzetan. Eta izu askoren jatorria familian dagoela agertzen du Intruders thriller fantastikoan. Lehiatik kanpo aurkeztu zuen filma, eta harrera hotz samarra izan zuen Kursaaleko publikoaren aldetik.

Ikarazko ipuinak asmatzeko bi haurrek duten irudimenetik eraiki da pelikula, bi istorio paraleloren bidez. Beldurrak jota bizi da neskato bat Ingalaterrako herri batean, bere amesgaiztoetako munstroak errealitatean sartzeko gaitasuna duelakoan. Ikarak jota dago beste mutiko bat Espainiako herri batean, aurpegirik gabeko beste mamu baten erasoak jasaten dituelakoan. Euren familiei eragingo diete beldurrek, edo euren senideen beldurrek eurei istorioak aurrera egin ahala, zuzendariak berak filmaren estreinaldiaren ostean azaldu zuenez. Pelikulako aktore taldeak lagunduta egin zuen agerraldia: Donostian izan ziren Carice Van Houten, Daniel Bruhl, Pilar Lopez de Ayala, Ella Purnell eta Clive Owen protagonista, zalantzarik gabe ikusmin gehien piztu zuena.

Txikitako hainbat amesgaizto gainetik kentzeko balio izan dio pelikulak zinemagileari. «Txikia nintzela, familiaren hainbat istorio ilun eta sekretu kontatu zizkidan amak, artegagarri samarrak. Informatzeko asmo hutsez aipatu zizkidan —ezin ditut esan, akabatu egingo ninduke—, baina niretzat amesgaizto forma hartu zuten». Horixe izan zuen filma eraikitzeko abiapuntua zuzendariak. «Asko interesatzen zait nola helarazten dieten gurasoek beldurra seme-alabei, nola haurrak garela eraikitzen ditugun mamu askok familiarekin zerikusi handia duten, gure gurasoek izan dituzten beldur horiekin. Familiarengandik oinordetzan jasotzen ditugun beldurren ideia oso erakargarria egin zitzaidan aztertzeko eta kontatzeko, naturaz gaindiko edozein istoriotan giza faktorea aurkitzea atsegin baitut, leku horretan eroso sentitzen naiz».

Alejandro Jodorowskiren lanen eragina jaso izan duela aitortu du zuzendariak; haren lanak miresten dituela eta haren teoria psikogenealogikoarekin bat datorrela esan zuen. «Familia da gizakiaren egitura emozional guztia eraikitzeko abiapuntua. Beldurra ere gure familiari lotuta doa, eta familiako hainbat mamu oinordetzan uzten dira». Horregatik, uneren batean nork bere alde ilunari aurre egin behar diola uste du, mamuak gainetik kendu eta ondorengoei oinordetzan ez uzteko. Horregatik aukeratu ditu bi hiri istorioa kontatzeko, «beldurrari aurre egin ezean edozein lekutara jarraituko zaituelako».

Publikoari sentipen horiek helarazteko modu bakarra aktoreengandik oso hurbil lan egitea da, zuzendariaren ustez. Owenen indar interpretatiboa nabarmendu zuen bereziki. Ikusmin handiena hark piztu zuen arren, oso galdera gutxi egin zizkioten kazetariek, eta pare bat esaldi baino ez zituen egin agerraldian, filmean parte hartzea plazer bat eta esperientzia polita izan dela esateko. «Zuzendariaren filmak ikusi nituen; Intacto maite dut bereziki. Talentu handiko zuzendaria da, eta lan honetakoa oso ikuspegi originala iruditu zitzaidan. Suspensezkoa baino gehiago, psikologikoa da».

Fantasia errealitatean

Filmaren premisa artistikoa fabula baten moduan egitea izan da zuzendariarentzat. Horregatik jarri die arreta berezia itzalei, «alde fantastikoago batera eraman behar zaituztelako». Pelikula fantasiaren eta errealitatearen arteko jokoan mugitzen da uneoro, eta fantasia errealitatean sartzen da, «hori baita beldurraren esentzia, edozer gerta daitekeela». Eremu horretan eroso sentitzen dela dio. «Niri interesatzen zaizkidan istorioetan gizatasuna jainkotasunarekin borrokatzen saiatzen da».

Film «pertsonalak» eta proiektu «industrialagoak» tartekatzea atsegin du Fresnadillok, eta lehenengoen artean kokatu du Intruders. Zinemaldiak bere lanak zabaldu izanarekin «hunkituta» zegoen zinemagile espainiarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.