DONOSTIAKO 58. ZINEMALDIA

Navas: «Pertsonaia bakoitzaren emozioak interesatzen zaizkit»

Agusti Villaronga zuzendariaren gidaritza eskertu du Zilarrezko Maskorra irabazi duen aktore katalanak

gorka erostarbe leunda
Donostia
2010eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Kataluniako antzerkiaren munduan ibilbide sendoa duen aktorea da Nora Navas (Bartzelona, 1975). Aktore onenaren Zilarrezko Maskorra jasotzeagatik pozetan kabitu ezinik, eta bere lan taldeari esker ona nola eman ez zekiela jaso zuen berri ona: «Film bat ez du pertsona bakar batek egiten. Sari hau filmean parte hartu duten guztiontzako da».Aktoreak Pa negre filmaren egilea, Agusti Villaronga, izan zuen gogoan: «Oso zuzendari zorrotza da, eta asko sufritu nuen filmaketan, baina era berean konfiantza handia ematen dio aktoreari. Talentu handia du eta dena merezi du». Pa negre Espainiako gerraosteko herri txiki batean dago kokatua, Katalunian.Giro gaiztotuak erasan duen familia bateko ama da Florencia, Navasek antzezturiko pertsonaia: «Gai historikoa baino gehiago pertsona bakoitzaren emozioak interesatzen zaizkit niri. Herri baten, familia baten, pertsonaia batzuen istorioa kontatzen du. Emozioez hitz egiten du. Eta emozioen bitartez edozein gai jorratu daiteke», zehaztu zuen Navasek.

Zuzendariaren «ezinbesteko laguntzaz gain», jatorrizko testua oso lagungarri izan zuen Navasek, Emili Teixidorrek idatzitako nobela, hain zuzen ere. «Liburuak asko lagundu zidan, gidoian ez dagoen informazio asko eman zidan. Liburu zoragarria iruditu zitzaidan». Zinemaldia oso gustukoa duela nabarmendu zuen aktoreak: «Behin izana nintzen, eta film mordoa ikusi nuen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.