Nazioartean onetsitako liburuak kaleratuko dituzte Alberdaniak eta Ereinek

Lankidetzan sortu dute Batera saila, eta Arnaldur Indridason eta Suzanne Collinsen obra banarekin abiarazi

Juan Luis Zabala
Donostia
2010eko urriaren 5a
00:00
Entzun
Publiko zabal batentzat egokiak izanik, nazioarteko merkatuaren zirkuituetan «onespen bikaina» jaso duten -edo jasotzeko bidean diren- liburuak euskaraz argitaratuko dituen saila sortu dute, lankidetzan, Alberdania eta Erein argitaletxeek. Batera du izena sail berriak, eta Suzanne Collinsen Dena sutan eta Arnaldur Indridasonen Hilobiko isiltasuna nobelekin jarri dute abian. Lehen bi liburuak nobelak diren arren, beste genero batzuetako lanetara ere irekia dago Batera saila.

Sailaren erronka nagusietako bat nazioarteko merkatuan zirkulazio handia duten -edo izango duten- liburuak atzeman eta haien euskarazko itzulpena inguruko hizkuntzetako itzulpenekin batera kaleratzea izango da, edo ahal izanez gero lehenago. Saileko hurrengo liburua -Arcadia iratzarria, Kai Meyerren Arcadia trilogiako lehen nobela- alemanez idatzia da jatorriz, eta euskarazko itzulpena gaztelaniazkoa zein frantsesezkoa baino lehenago iritsiko da plazara.

Bi argitaletxeetako arduradunek argi utzi dute Batera bi argitaletxe burujaberen arteko lankidetzaren ondorioz sortutako saila dela eta sail berriak ez duela ordezkatuko argitaletxe bakoitza bere kabuz lehendik egiten ari den lana. «Argitalgintzari buruzko diagnosia partekatzen dugulako izan da posible lankidetza», azaldu du Jorge Gimenez Bech Alberdania argitaletxeko arduradunak. «Bat gatoz aro digitalak ekarriko dituen aldaketen inguruko diagnosian, eta baita ere arazo horiei eman beharreko irtenbidea aztertzerakoan eta mamitzerakoan». Alberdaniak eta Ereinek «lan eta harreman estiloan» ere bat egiten dute, eta bost goiburu finkatu dituzte beren lankidetzaren ezaugarritzat: leialtasuna, eraginkortasuna, erantzukizun soziala, aniztasuna eta lehiakortasuna.

Horretaz gain, Libenet enpresa berria aurkeztuko dute Ereinek eta Alberdaniak hilaren amaieran, beste bi bazkiderekin lankidetzan. Liburugintzaren industriari «eduki digitalen banakuntza eta konponbide teknologikoa» eskainiko dizkio Libenetek, Olatz Soraluze Erein argitaletxeko gerenteak aurreratu duenez.

Merkatuak onetsitako bi obra

Koro Navarrok euskaratu du Suzanne Collinsen Dena sutan (Catching Fire jatorrizkoan), Gose jokoak (The Hunger Games) trilogiako bigarren nobela. Trilogiako lehen nobela -Gose jokoak- iaz kaleratu zuen Alberdaniak, Koro Navarrok euskaratua hura ere. Zientzia fikzioko nobela da, gerrak suntsitutako etorkizuneko AEBetako reallity gordin batean gertatuak kontatzen dituena.

Arnaldur Indridasonen Hilobiko isiltasuna Julen Gabiriak euskaratu du, ingelesetik abiatuta. Erlendur Sveinsson inspektorearen ikerketa baten berri ematen duen polizia nobela da. Reykjavikeko urbanizazio berri batean agertutako giza hezurrak ditu abiapuntu ikerketa horrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.