Zinemaldia

Nazioarteko jaialdietan saritutako filmak, Zinemaldiko Perlak sailean

Berlingo eta Cannesko zinemaldietan saritutako filmak izango dira, besteak beste, eta publikoaren saria jasotzeko hautagai izango dira.

'Kis Uykusu / Winter Sleep' filmeko irudi bat. ZINEMALDIA
2014ko abuztuaren 14a
10:16
Entzun

Urte osoan nazioarteko hainbat zinemalditan aurkeztutako pelikula onenetako batzuk eskainiko ditu Donostiako 62. Zinemaldiak, Perlak sailean.

Aukeratutakoen artean, Berlingo Zinemaldian Urrezko Hartza irabazi duen filma eta Cannesko zinema jaialdian Urrezko Palmorria irabazitakoa daude: Yinan Diaoren Bai Ri Yan Huo / Black Coal, Thin Ice eta Nuri Bulge Ceylanen Kis Uykusu / Winter Sleep. Horietaz gain, zuzendari bikain askoren lan berriak ikusi ahal izango dira sailean: Roy Andersson, Isao Takahata, Xavier Dolan, Wim Wenders, Abel Ferrara, Laurent Cantet, Naomi Kawasi eta Mathieu Amalric-enak, besteak beste.

Perlak saileko film guztiak publikoaren saria jasotzeko hautagaiak izango dira. Saileko film bakoitzaren lehendabiziko emanaldi publikoko ikusleek emango dute saria. Publikoaren sariak bi kategoria biltzen ditu: film onenarena eta Europako film onenarena.

Atzo eman zuten Sail Ofizialean lehiatuko diren beste sei filmen berri, eta antolatzaileek adierazi dute Sail Ofiziala osatuko duten film gehiagoren berri emango dutela datozen egunetan.

Hamazortzi film iragarri dituzte Perlak sailerako:

20,000 DAYS ON EARTH
Iain Forsyth, Jane Pollard  (Erresuma Batua)

Drama eta errealitatea bateratzen ditu, Nick Cave musikari eta nazioarteko kultur ikonoaren bizitzako fikziozko 24 ordutan. Sundanceko Zinemaldiko dokumentalen atalean, zuzendari onenaren saria irabazi zuen. Ideia harrigarriki egiatiak azaleratuz eta prozesu artistikoaren erretratu intimoa eginez, garena izatea zerk eragiten digun aztertzen du, eta jarrera sortzailearen eraldaketa ahalmena goraipatzen.

BAI RI YAN HUO / BLACK COAL, THIN ICE
Yinan Diao  (Txina)

Berlingo zinemaldian Urrezko Hartza irabazi zuen. Txinan ekoitzia da, eta Yinan Diaok zuzendua. Ikatz meategi bateko langile bat hil egingo dute, eta haren gorputz mutilatua handik ehunka kilometrora agertuko da. Ikertzaileak susmagarri batzuen arrastoaren atzetik ibiliko dira, baina, atxilotzeko ahaleginean, bi ofizial hilko dira. Beste bat, Zhang Zili zauritua, kasutik erretiratzera behartu, eta lantegi bateko segurtasun zaindari izendatuko dute. Bost urte geroago, berriz ere hilketak gertatuko dira. Zhang Zili konturatuko da biktima guztiak emakume batekin lotuta daudela,  eta emakume horrek maitemindu egingo du.

BANDE DE FILLES / GIRLHOOD
Celine Sciamma  (Frantzia)

Celine Sciammak (Tomboy) Cannesko Errealizadoreen Hamabostaldian aurkeztu zuen film hau. Marieme zapalduta bizi da: familia inguruneak, kale itsu batera daraman eskola ibilbideak eta auzoko mutilen legeak zapalduta. Hiru neska askatasunzale ezagutzean, bestelako bizimodu bat hasiko du. Izena eta janzkera aldatuko ditu, eta ikastetxea utziko du, taldean onar dezaten, askatasunerako bidea izango den itxaropenarekin.

CATCH ME DADDY
Daniel Wolfe  (Erresuma Batua)

Daniel Wolferen lehenengo filma Cannesko Errealizadoreen Hamabostaldian aurkeztu zuten. Komunitate itxi batean, askatasunak prezio bat du. Familia desohoratu duzu? Hori biziarekin ordaintzen da. Atzeman arte etsiko ez duten ordainsari harrapariengandik ihesi, Leila eta Aaron borroka gogor bat izatera bultzatuko dituzte.

CÉSAR CHÁVEZ
Diego Luna  (Mexiko - AEB)

Diego Luna zuzendari eta aktore txalotuak aurkeztuko duen filmak Cesar Chavezen ibilbidea jasotzen du. Sinesten zuenagatik bizia arriskatuz milaka pertsonaren inspirazio iturri bilakatu zen, familia gizonaren ikuspegi pertsonalaren bitartez. Cesar E. Chavez pertsona gogoangarria izan zen 60ko hamarkadako eskubide zibilen aldeko mugimenduen artean; izan ere, Ameriketako Estatu Batuetako historiako indarkeriarik gabeko protestaldi luzeena egin zuen milioika langile amerikarren eskubideen alde. Baserriko langile izan eta ordain eskas baten truke landa eremuko lan baldintza ankerrak nozitu ondoren, zapalduentzat etorkizun hobea lortzearen alde egiten eman zuen bere bizitza. Aurtengo Berlingo zinemaldian aurkeztu dute.

DIFRET
Zeresnay Berhane Mehari  (AEB)

Angelina Joliek ekoitzi du, eta Publikoaren saria lortu du Sundanceko Zinemaldian, eta Panorama saileko Publikoaren saria Berlingo zinemaldian. Addis Abeban, Meaza Ashenafi abokatuak sare bat sortu du legelari baten laguntza behar duten emakume eta haur txiroei laguntzeko. Aurre egin beharko dio Poliziaren eta Gobernuaren etengabeko xaxatzeari. Hala ere, Hirut 14 urteko neskatoa defendatzera ausartuko da. Ikastetxetik itzultzen ari zela, bahitu eta bortxatu egin zuten, baina bahitzaileak hil ondoren, ihes egitea lortu zuen. Bere buruaren defentsan jokatu zuen arren, heriotza zigorra jasotzeko arriskuan dago Hirut.

FUTATSUME NO MADO / STILL THE WATER
Naomi Kawase  (Japonia - Frantzia - Espainia)

Japonia, Frantzia eta Espainiaren arteko koprodukzio bat da; Espainiaren aldetik, Eddie Saetaren ekoizpen etxeak parte hartu du. Naomi Kawasek zuzendu du, eta Cannesko Zinemaldian lehiatu da aurten. Amami-Oshima uharte subtropikalean, 16 urteko gazte batek, Kaikok, gorpu bat ikusiko du itsasoan. Haren lagun Kyoko aurkikuntza misteriotsu hori argitzen laguntzen saiatuko da. Elkarrekin, heldu bilakatzen ikasiko dute.

GETT, THE TRIAL OF VIVIANE AMSALEM
Ronit & Shlomi Elkabetz  (Israel - Frantzia - Alemania)

Israelen, oraindik ez dago ezkontza zibilik; lege erlijiosoa bakarrik dago indarrean, eta, horren arabera, senarrak bakarrik dauka dibortzioa emateko ahalmena. Film honetan, emakume batek eskubidetzat jotzen duena lortzeko egingo duen borroka agertuko da. Cannesko Zinemaldiko Errealizadoreen Hamabostaldian aurkeztu zuten.

KAGUYAHIME NO MONOGATARI / THE STORY OF PRINCESS KAGUYA
Isao Takahata  (Japonia)

Cannesko Errealizadoreen Hamabostaldian estreinatu dute Japoniako animazioko maisu Isao Takahataren lanik berriena, Japoniako literaturako testu klasiko baten egokitzapena. Banbu zurtoin distiratsu baten barruan aurkitutako neskatila bat koskortu egingo da, gazte dotore bihurtzeraino, banbu biltzaile zahar batek eta haren emazteak hazita. Landa eremutik hiri handira, ezagutzen duten guztiak liluratuko ditu; besteak beste, bost senargai prestu. Baina gazteak aurre egin beharko dio bere patuari.

KIS UYKUSU / WINTER SLEEP
Nuri Bilge Ceylan  (Turkia - Frantzia - Alemania)

Nuri Bulge Ceylan zinemagile turkiarrak Cannesko Zinemaldiko Urrezko Palma lortu zuen film honekin. Anatolian, Aydinek hotel txiki bat gobernatzen du, Nihal emaztearekin eta Necla arrebarekin batera. Negua aurrera joan ahala, hotela babesleku bihurtuko da, baina baita irteerarik gabeko toki ere, eta erresuminak sutu egingo ditu.

LA CHAMBRE BLEUE / THE BLUE ROOM
Mathieu Amalric  (Frantzia)

Mathieu Amalricek zuzendu du George Simenonen eleberri baten egokitzapen hau, eta protagonista ere hura da. Cannesko Zinemaldiko Un Certain Regard sailean aurkeztu zuen. Gizon bat eta emakume bat, ezkutuan maiteminduta, gela batean bakarrik. Elkar desio dute, maite dute, eta batak besteari kosk ere egingo diote. Maitasunaren ondoren, elkarri hitz hutsal batzuk esango dizkiote, edo gizonak behintzat horixe uste du. Baina Poliziaren eta auzitegien ikerketapean, Julien hitzik gabe geratuko da: «Bizitza ez da berdina bizi dugunean eta ondoren kontatzen dugunean». Zer gertatu da? Zer leporatzen diote?

LOVE IS STRANGE
Ira Sachs  (AEB)

Sundanceko eta Berlingo zinemaldietan aurkeztu dute, John Lithgow, Alfred Molina eta Marisa Tomei protagonista dituela. New Yorken sexu bereko pertsonen arteko ezkontza legeztatzean, Benek eta Georgek ezkontzea erabakiko dute, elkarrekin 39 urte pasatu eta gero. Handik gutxira, George kaleratu egingo dute musika irakasten duen ikastetxe katolikotik, inolako azalpenik eman gabe, eta etxea galduko dute. Banandu eta beste pertsona batzuekin bizi beharra izango dute.

MOMMY
Xavier Dolan  (Kanada)

Xabier Dolanek, azken urteetako zinemagile berri gailenenetakoak, Cannesko Zinemaldian Epaimahaiaren Sari Berezia lortu du lan honekin. Alargun batek 15 urteko seme arazotsuaz arduratu behar du; hark arreta falta eta hiperaktibitate arazoa dauka. Ama-semeak ondo konpontzen saiatuko dira, eta halabeharrezko elkarbizitza ahalik eta ondoena eramaten. Kyla bizilagun berriaren etorrerak arrastoa utziko du haien bizitzan.

PASOLINI
Abel Ferrara  (Frantzia - Italia - Belgika)

Film oniriko eta igarlea da, errealitatearen eta irudimenaren arteko nahasketa. Abel Ferrarak Pier Paolo Pasoliniren bizitzako azken eguna berregin du. Ferrararen ohiko kolaboratzaile Willem Dafoek jokatzen du poeta eta zinemagile handiaren rola. Egun bat, bizitza bat. Erroman, 1975eko azaroaren 2ko gauean, Pier Paolo Pasolini hil egingo dute. Pasolini boterearen aurka borrokatzen den artearen ikurra da. Haren idazkiak eskandalagarriak dira; zentsoreek haren pelikulei jazartzen diete; pertsona askok maiteko dute, eta beste askok, gorrotatu. Bere heriotzako egunean, azken orduak bere ama maitearekin emango ditu; ondoren, bere lagun maiteekin; eta azkenik, gauean, betiereko hirian abentura bila ibiliko da. Egunsentian, Pasolini hilda aurkituko dute Ostiako hondartza batean, hiriaren kanpoaldean. Veneziako Zinemaldiko lehiaketa ofizialerako aukeratu dute.

PLEMYA / THE TRIBE
Myroslav Slaboshpytskiy  (Ukraina)

Pelikula honek Cannesko Zinemaldiko Kritikaren Astea irabazi du aurten. Nerabe gor-mutu bat barnetegi berezi batean sartuko da. Han, Tribua izeneko erakunde basatiko kide izan beharko du bizirik irauteko. Nagusiaren ohelagun batenganako maitasunak hautsararaziko diote Tribuaren hierarkiako arau idatzi gabe guztiak.

RELATOS SALVAJES / WILD TALES
Damián Szifron  (Argentina - Espainia)

Espainiaren eta Argentinaren arteko koprodukzio bat da (Espainiaren aldetik, El Deseo ekoizpen etxeak parte hartu du), eta aurten estreinatu dute, Cannesko Zinemaldiko Sail Ofizialean. Berdintasunik ezak, bidegabekeriak eta egungo munduaren exijentziak estresa edo depresioa eragiten diote jende askori. Batzuk lehertu egiten dira.

RETOUR À ITHAQUE / RETURN TO ITHACA
Laurent Cantet  (Frantzia)

Habanaren gaineko terraza panoramiko bat, ilunabarra. Bost lagun elkartu dira, Amadeo, hamasei urte erbestean eman ondoren, itzulia dela ospatzeko. Ilunsentitik egunsentira, gaztaroa, osatzen zuten taldea, etorkizunarekiko fedea eta beste gogoratuko dituzte. Baita desengainua ere. Lauren Canteten film hau Veneziako Zinemaldiko Venice Days sailerako aukeratu dute.

THE SALT OF THE EARTH
Wim Wenders, Juliano Ribeiro Salgado  (Frantzia)

Wim Wendersen dokumental berriak Sari Berezia eskuratu zuen Cannesko Zinemaldian Un Certain Regard sailean. Azken 40 urteetan, Sebastiao Salgado argazkilariak bizitza osoa eman du kontinente batetik bestera bidaiatzen, etengabe aldatuz joan den gizadiaren pausoei jarraituz. Azken urteetako historiako gertakari garrantzitsuenetariko batzuen lekukoa izan da: nazioarteko gatazka, gosete eta exodoena. Orain, erabakita dauka gizakien esku hartzerik gabeko lurraldeak, flora eta fauna basatiak eta egundoko paisaiak dauzkaten lurraldeak bilatzen aritzea, gure planetaren edertasunari omenaldia egiten dion argazkilaritza proiektu erraldoi batean. Sebastiao Salgadoren bizitza eta lana azken bidaietan lagun izan zuen semeak, Julianok, eta Wim Wendersek ezagutaraziko dizkigute (argazkilari ere bada Wenders).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.