Museoen Nazioarteko eguna

Nazioarteko Museoen Egunean hainbat ekitaldi antolatu dituzte

Museoen Nazioarteko Biltzar Orokorrak maiatzaren 18a izendatu zuen, 1977an, Museoen Nazioarteko Eguna, eta, urtero, gai baten inguruan ekitaldi bereziak egiten dira mundu osoko museoetan. Aurten, =iKultura arteko zubiak=i izeneko lema aukeratu dute, eta, hortik abiatuta, museo bakoitza gai da bere egunerokotik atera eta ekitaldi bereziak antolatzeko.

2005eko maiatzaren 18a
18:06
Entzun
Orokorrean, sarrerak merkeago daude, eta, hainbatetan, museoen lagunen elkarteek dohaintzak publiko egiteko aprobetxatuko dute eguna. Artium Gasteizko Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak eta Txillida Lekuk joan den asteburuan egin zituzten ospakizunak, eta Ipar Euskal Herrian, berriz, ez da ezer berezirik prestatu. Ondokoa, gaur ikusi ahal izango den eskaintzaren aukera txiki bat

Nafarroako museoa eta kixotea: Gaur bertan hasita, On Kixote lanaren inguruko erakusketa zabalduko dute museoan. Hemeretzi ediziotako liburuak bildu dituzte, hainbat erakunde eta banakok utzita, eta maiatzeko eta ekaineko larunbatetan antzerki bidezko bisitaldiak antolatu dituzte. Halaber, XVIII. mendeko gorteetako setazko brodatuekin erakusketa paratuko dute.

San telmon, espiritualtasuna: Donostiako Museoan Heriotza, kultura eta izpiritualtasuna izeneko erakusketa zabalduko dute nazioarteko eguneko lema baliatuta. Hil eta gero ere, bizitza egon badagoela nabarmentzen duten sinesmenen inguruko ibilbidea da. Bisitariak hilarriak ikusi ahal izango ditu, eta argizaiolak. Huaco-ak, hau da, Moche (Peru) kulturako hilerrietarako zeramikak, edo Egiptoko erresumako irudiak. Erromako zibilizaziotik malkoak gordetzeko ontziak, eta XVI. eta XVII. mende bitarteko zurezko irudi bat, San Sebastianen martirioa erakusten duena.

Guggenheimen, opari bana: Sarrera prezio erdian jarriko du Bilboko museoak gaur, audio-gida barne, eta bisitariek, gainera, opari txiki bana jasoko dute sarrera erostean. Doako bisita gidatuak izango dira, eta Guggenheim Bilbao Museoaren Lagunek euren lagunak eraman ahal izango dituzte, guztiz doan.

Gustavo de Maeztun, Hans Christian Andersen: Literaturarekin lotutako ekitaldiak prestatu dituzte Lizarrako (Nafarroa) Museoan. Aurten berrehun urte jaio zen Hans Christian Andersen ipuingile famatua, eta bere lanen inguruan Iratxe Monterok atondutako instalazioa egongo da gaurtik aurrera ikusgai. Haritz zaharraren azken ametsa izena du instalazioak. Finean, hitzekin egindako baso bat da, ametsetako munduaren irudiarekin jokatzen duena. Erakusketaz gain, Lizarrako Kilkarrak antzerki taldearekin batera, Etorri ipuin bat kontatzera izeneko ekitaldia antolatu du museoak.

Bilboko Itsas Museoan, 'Titanic': Erakusketa iraunkorraz gain, Titanic itsasontziari eskainitako aldi baterako erakusketa jarrita dauka museoak. Bisitatzeko sarrera bateratua paratuko dute gaur, salneurria murriztuta: 6 euro. Eta egun horrekin bat eginik, Ama Begoñakoa ontziko lema-gurpila dohaintzan emango dute horren jabe diren Catalina de la Sota Mac Mahon andreak eta Blanca, Itziar, Arantza eta Begoña Alzola de la Sota ahizpek. Ama Begoñakoa lehenengo euskal eskola-ontzia izan zen, 1902an eraikitako Sota y Aznar ontzi enpresaren jabetzakoa.

Zumalakarregin, Tirabira Ormaiztegin: Festa eta joko giroa izango da herrian, museoak antolatutako Tirabira Ormaiztegin izeneko jokoa dela eta. Umeak izango dira protagonista nagusiak, bi taldetan banatuta (karlistak eta liberalak). Probak talde bakoitzeko espezialistek gainditu beharko dituzte: artzainek gazta egin, sukaldariek patata tortilla, bertsolariek bertsoa. Horrez gain, galdera banari erantzun beharko diote. Nork egin zuen Ormaiztegiko tren zubia? Non dago lurperatuta Zumalakarregi?

Oteiza museoan, dohaintzaren aurkezpena: Museoen Nazioarteko Eguna dela eta, Altzuzako Museoak Panera-Mendieta sendiak duela gutxi dohaintzan emandako Neska erretratua izeneko lana (1951) aurkeztuko du, eta duela hilabete jarritako Oteiza 1908-2003 Bilduma erakusketari erantsiko zaio. Gaur, gainera, bisitari guztiak doan sartu ahal izango dira Oteiza Museoko instalazioetara eta artistaren etxe-tailerrera.

Rezola museoan, langile ohiak: Añorgako (Gipuzkoa) Museoko langile ohiek Museum Cemento Rezolako gidak izango dira egun batez. Langileek azalpenak emango dituzte, haien esperientzian oinarrituta, museoan dagoen erakusketaren inguruan. Egun horretarako, gainera, hainbat ekitaldi izango dira, bereziki Añorgan lanean ari diren kultur elkarteetarako prestatuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.