Musika

Nazioarteko orkestra handiak Musika Hamabostaldira itzuliko dira

Donostiako musikaldiak egitarauaren aurrerapenaren berri eman du. Budapesteko eta Luxenburgoko orkestra sinfonikoek kontzertuak emango dituzte Kursaalean, eta jaialdiko bakarlarien artean dira Yuja Wang pianista eta Anne-Sophie Mutter biolinista ezagunak.

Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoa. JOHANN SEBASTIAN HANEL
Andoni Imaz
2021eko maiatzaren 26a
12:46
Entzun

Abuztuaren 1ean abiatuko da Donostiako 82. Musika Hamabostaldia, eta hilaren 27an amaituko da. Neurri murriztaileek baldintzatuko dute jaialdia, baina programazioan «normaltasunerako aurrerapauso bat» eman dutela esan dute antolatzaileek. Osasun krisiaren aurreko tamaina berreskuratu du, hein batean. Agertoki nagusia Kursaal auditoriuma izango da, eta emanaldiak Euskal Herri osora zabalduko dituzte, berriz ere.

Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoak zabalduko du ziklo sinfonikoa, abuztuaren 1ean eta 2an. 2018an aritu ziren Donostian estreinakoz, eta aurten itzuli egingo da, Gustavo Gimeno zuzendari titularrak gidatuta, eta Yuja Wang pianista bakarlari dela, bi kontzertu emateko. 34 urteko pianista bere belaunaldiko musikarien abangoardian dagoela adierazi du jaialdiak: «Erabateko talentuagatik, moldakortasunagatik eta interpretazio molde indartsuagatik aintzatetsia da», esan dute. Lehen kontzertuan, Rakhmaninoven pianorako laugarren kontzertua joko du; bigarrenean, berriz, Liszten pianorako lehen kontzertua.

Gainera, Gustavo Gimeno aurtengo Musika Hamabostaldiko zuzendari egoiliarra izango da. Luxenburgoko zuzendari titularra izateaz gain, Torontoko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari artistikoa ere bada. Berak zuzenduko du EGO Euskal Herriko Gazte Orkestrak abuztuaren 8an emango duen kontzertua. Han arituko da, bestalde, Julian Rachlin biolinista birtuosoa. «Haur prodijiotzat» hartu izan dute. Mandelssohnen Biolin eta orkestrarako kontzertua, op. 64 joko du EGOrekin batera.

Galiziako Orkestra Sinfonikoa ere itzuliko da Kursaalera. Abuztuaren 19an emango du lehen kontzertua, Elisabeth Leonskaja pianista lagun duela. Munduko pianistarik onenetako bat da, jaialdiaren arabera. Brahmsen pianorako bigarren kontzertua joko du. Hurrengo egunean, berriz, Galiziako orkestrak bigarren emanaldia joko du, Easo abesbatzarekin batera. Brahmsek ahots mistoentzat idatzitako Nänie, op. 82 eta Patuaren kanta, op. 54 joko dituzte.

Mitsuko Uchida pianista. GEOFFROY SCHIED

Horren ondoren, beste kontzertu sinfoniko koral bat egingo dute, abuztuaren 21ean: agertokian elkartuko dira Euskadiko Orkestra, Victor Pablo Perez zuzendaria, Iwona Sobotka sopranoa, Airam Hernandez tenorra, Frederic Jost baxua eta Donostiako Orfeoia. Batetik, Poulencen Birjina beltzaren letaniak eta Faureren Arrantzaleen meza piezak joko dituzte; bestetik, Beethovenen Kristo olibondoen mendian.

Espainiako Orkestra Nazionalak ere emango du kontzertu bat. Abuztuaren 25ean izango da, David Afkhamek zuzenduta. Leonidas Kavakos biolinista arituko da bakarlari lanetan. Txaikovskiren Biolinerako kontzertua, op. 35 eta Schumannen lehenengo sinfonia joko dituzte.

Budapesteko Jaialdiko Orkestrak itxiko du ziklo sinfonikoa, abuztuaren 27an. Ivan Fischer sortzaileak zuzenduko du. Munduko hamar orkestra onenetako bat izendatu izan dute, eta askotan jo izan du Musika Hamabostaldian. XIX. eta XX. mendeetako musika joko dute Kursaalean: Milhauden Le boeuf sur le toit, op. 58, Ravelen Piano eta orkestrarako kontzertua sol maiorrean, Satieren Gymnopédie, 1. zk. eta Kodalyren Galantaren dantzak. Orkestrak lagun izango du Dejan Lazic pianista.

Bakarlarien errezitalak

Kontzertu sinfonikoez gainera, mundu osoan ibilbide oparoa duten hiru bakarlarik euren lana erakutsiko dute Kursaal auditoriumean: Grigody Sokolov eta Mitsuko Uchida pianistek eta Anne-Sophie Mutter biolinistak, hain zuzen. Sokolov «pianoaren mitoa da», jaialdiaren hitzetan. Abuztuaren 9an emango du kontzertua, eta hara eramango ditu Chopinen Polones-en hautaketa bat eta Rakhmaninoven Hamar preludioak.

Anne-Sophie Mutter biolinista. MUSIKA HAMABOSTALDIA

Ondoren, Uchidak egingo du emanaldi bat, abuztuaren 22an. Pianista japoniarra ez da sarri aritzen errezital formatuan inguruko agertokietan, eta Schuberten inguruko egitarau monografiko bat prestatu du Donostiarako: Lau Improptus D. 935 eta Sonata sol maiorrean D. 894 joko ditu. Uchida «ezinbestekoa da pianoaren historia garaikidea ulertzeko», adierazi dute musikaldiaren antolatzaileek.

Azkenik, Mutter ariko da, puntako biolinista bat. Lehenbizikoz joko du Musika Hamabostaldian, abuztuaren 26an. Tradizioarekin ez ezik, musika sorkuntza garaikidearekin duen konpromisoa nabarmendu dute jaialditik. Beethovenen lanen aukeraketa bat joko du Donostian, 1988. urteaz geroztik lankide duen Lambert Orkis pianistak lagunduta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.