Askoren izenean: pido la paz y la palabra nazioarteko poesia jaialdiak "munduko poetak onenak" bilduko ditu asteburuan Bilbon. Poesia errezitaldiak, musikaz lagundutako poemen irakurketak eta abar izango dira, bai hiriko aretoetan, baita ohikoak ez diren beste hainbat lekutan ere —garraio publikoaren geltokietan edo tranbia barruan, esaterako—. Jaialdia, ordea, ez da Bilbora mugatuko, eta ostegunean eta ostiralean Gasteizen eta Donostian ere izango dira saioak. Egitarau guztia kontsultatzeko, hemen.
2012 Bakearen eta Askatasunaren aldeko Kulturen Urtearen barneko egitasmoa da. Gaur goizean egin dute jaialdiaren aurkezpena Bilbon, eta han izan dira Mikel Toral Euskadi 2012 Fundazioko ordezkaria eta Jose Fernandez de la Sota poeta.
Jaialdiaren izena Blas de Otero poetaren bi liburutatik hartu dute. "Blas de Oterok bakea eta hitza eskatu zituen 1955ean, eta bada garaia 2012ko Euskadin ere horiek eska eta izan ditzagun", esan du Fernandez de la Sotak.
Biek azpimarratu dute "kultura jaialdi bat baino gehiago" izan dela, poesian "hitzak zentzuz beteta" egoten direlako, eta poema batek "behar diren hitzak" soilik dituelako, "ez bat gehiago, ez bat gutxiago".
Poesia, bederatzi orduz jarraian
Bilbon larunbatean ia bederatzi orduko emanaldi bat izango da Euskalduna jauregian, eta horretan parte hartuko dute Cristina Peri Rossi, Manuel Rivas, Bernardo Atxaga, Douglas Dunn eta Jack Hirschmanek, besteak beste.
Une berean eta Euskalduna jauregiko beste aretoetan, bestelako ekintzak egingo dituzte. Imanol Ariasek, Juan Etxanobek, Kepa Junkerak eta Kirmen Uribek parte hartuko dute horietan.
Igandean poesia kalera irtengo da, eta Casilda parkean askotariko errezitaldiak egingo dituzte.