Nazioarteko poeta ezagunek bakeari buruz hausnartuko dute

Bilbon, Donostian eta Gasteizen Nazioarteko Poesia jaialdia egingo da ekainaren 7tik 10era

Erredakzioa
Bilbo
2012ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Askoren izenean: pido la paz y la palabra Nazioarteko Poesiaren jaialdia egingo da Bilbon, Donostian eta Gasteizen, datorren ekainaren 7tik 10era. Elkarbizitzaz, askatasunaz eta indarkeriaren legitimaziorik ezaz mintzatuko dira nazioarteko poeta ezagun batzuk. 50 bat izango dira guztira, eta tartean Euskal Herrikoak ere egongo dira. Eusko Jaurlaritzak antolatutako 2012 Askatasunaren eta Bakearen aldeko Kulturen Urtea egitasmoaren ekintzetako bat izango da.

Blanca Urgell Jaurlaritzako Kultura sailburuak jaialdian arituko direnenetako batzuen izenak eman zituen atzo, aurkezpenean. Jack Hirchmann (AEB), Douglas Dunn (Eskozia), Rafael Cardenas (Venezuela), Natalia Toledo (Mexiko) eta Bernardo Atxaga aipatu zituen, besteak beste. Urgellek jakinarazi zuen ez dela poesia bere soilean izango: «Musikarekin lagundutako errezitaldiak egingo dira, eta beste arte adierazpide batzuekin nahastutako poesia ere bai». Ekainaren 7ko eta 8ko ekitaldiak Gasteizen eta Donostian egingo dira; 9koak eta 10ekoak, berriz, Bilbon.

«Gatazkak gainditzeko eta oinarrizko eskubideak errespetatzeko hausnarketa kulturala» egitea da jaialdiaren helburua.Hartara, Irakekoak, Pakistangoak, Kolonbiakoak, Turkiakoak, Kamerungoak eta Vietnamgoak dira gonbidatutako poetetako batzuk. Jaialdiaren izena, aldiz, Blas de Oteroren bi poema hartuta osatu dutela jakinarazi zuen Urgellek. En nombre de muchos eta Pido la paz de la palabra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.