Nazioartekoa eta inklusiboa

Bihar hasiko da Zinebiren 65. edizioa. Azaroaren 17ra arte, 43 herrialdetako 128 film proiektatuko dituzte. Ekoizpenen erdiak baino gehiago emakumeenak dira

Eneko Sagardoiren Betiko gaua film laburraren fotograma bat. Irekiera ekitaldian emango dute. BERRIA.
Amaia Jimenez Larrea.
2023ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Beste urte batez, Zinebi, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren jaialdia zinemazaleen topagune izango da. 65. edizioa izango da aurtengoa. Urtez urte haziz joan da Zinebi, eta, gaur egun,Oscar sarietarako, Bafta sarietarako eta Espainiako Goya sarietarako jaialdi kalifikatzailea da. Bihar hasi, eta azaroaren 17an amaituko da.

Datorren ostiralera arte, 43 herrialdetako 128 film ikusi ahal izango dira, horietatik erdiak baino gehiago emakumeek ekoitzitakoak. Euskal ekoizpenei dagokienez, 34 lan aurkeztuko dira;27 film labur eta zazpi film luze. Aurkeztutako filmen erdiak lehen aldiz ikusi ahal izango dira Zinebin. Eneko Sagardoi, David Perez Sañudo eta Isabel Hergueraren filmak ikusi ahal izango dira, besteak beste.

Gaur izango da irekiera ekitaldia, eta, iaz egin zuten bezala, Maria Goirizelaia antzerki zuzendariak eta Ane Pikaza aktoreak gidatuko dute gala. Jon Agirrezabala Zabala-k, izango du ekitaldia musikaz girotzeko ardura. Itxiera ekitaldian ere Goirizelaia eta Pikaza ariko dira aurkezle, etaJ Martina taldeak emanaldia eskainiko du.

SAIL OFIZIALA

Bi ataletan banatzen da Zinebiko sail ofiziala: Film Laburren Nazioarteko Lehiaketa, eta Zinebi First Film Nazioarteko Lehiaketa. Guztira 3.900 lan aurkeztu dira film laburren lehiaketara, eta horietatik 58 aukeratu ditu epaimahaiak.Aurkeztutako lanetatik hamabi mundu mailan estreinatuko dira. 35 gizonek, 38 emakumek, eta pertsona ez-bitar batek aurkeztu dituzte lanak. 24 fikzio, hogeidokumental, eta hamasei animazio lan eskainiko dira.

David Perez Sañudoren Agrio film laburra egongo daFilm Laburren Nazioarteko Lehiaketan.Bi ahizpen arteko konfiantza erakusten du lanak. Blow! lana izango da proiektatuko duten beste filmetako bat. Neus Ballusen filmak Mardu protagonista, baleen soinua grabatzea amets duen emakumea.

Bederatzi lan lehiatuko dira Zinebi First Filmen. Ameriketako Estatu Batuetatik, Alemaniatik, Herbehereetatik, Ukrainatik, Poloniatik, Frantziatik, Txinatik eta Txiletik iritsitako lanak dira. Horietako bat da In the Rearview (atzeko ispilutik). Ukrainako gerratik ihesi, Maciek Hamelak, filmaren zuzendariak, Poloniara furgonetan ihes egindakoan bizi izandakoak bildu ditu. Ignacia Merino Bustosek eta Isabel Reyes Bustosek zuzendu dute A la sombra de la luz dokumentala. Txileko Charrua herriko egunerokotasuna erakutsi nahi izan dute.

Euskal Herriko film labur bat ere bada sail horretan: Tamara Garcia Iglesiasen Zarata fikzioa. FIDMarseille Zinemaldian estreinatu zen, eta Garcia Iglesiasen lehen lana da zuzendari gisa.

Zinebi First Filmeko filmik onenak 12.000 euroko saria jasoko du. Gainera, Gazte Saria jasotzeko aukera ere izango dute. Euskal Herriko Unibertsitateko ikus-entzunezko komunikazioko ikasleek eta Espainiako beste unibertsitate batzuetako ikasleek osatzen dute epaimahaia.

EUSKAL EKOIZPENAK

Euskal errealitatea izango dute ardatz Bertoko Begiradak sailean. Hogei film labur eta sei film luze aurkeztuko dituzte sail horretan. Gentzane Martinez de Osabaren Aire! film luzea izango da horietako bat. Zuzendariak hamahiru gazte elkartu zituen Maurizia Alditurriaga pandero jotzailearengan inspiratutako pieza bat sortzeko. Horren harira sortutako dokumentala da.

Xabier Eizagirreren Sisifo animazioa da film laburretako bat. Sisiforen kondaira zientzia fikziora egokitu du zuzendariak. Ez dakit zergatik kontatzen dizudan hau orain, Bertol Arrieta Kortajarenaren lana da, eta familietan egon daitekeen komunikazio falta du ardatz. Besteak beste, Jone Arriola Lobeteren Dena asmatuta dago, eta Aitor Irulegi Lopezen Kusikozu film laburrak ere badaude Bertoko Begiradak-en. Sail horretako film laburrik onenak 2.000 euroko saria jasoko du.

OHOREZKO SARIAK

Aurten hiru Ohorezko Mikeldi sari banatuko dituzte. Lehena, Frederick Wiseman dokumental egileak jasoko du. AEBetakoa da Wiseman, eta 2016an jaso zuen ohorezko Oscar saria bere ibilbidearengatik. Menus plaisirs-Les Troisgros (Plazeraren menuak-Troisgros) du bere azken dokumentala.

Rita Azevedo Gomes izango da bigarren saritua. Zinema zuzendaria da izatez, baina literatura, pintura eta antzerkia ere jorratzen ditu. Portugalgo zuzendariaren ibilbidea aitortu nahi izan diote antolatzaileek. Felix Linaresek jasoko du hirugarren Mikeldia. 28 urtez La noche de... saioa gidatu ostean, erretiroa hartu du. «Zinema eta kultura zabaltzeko egin duen lanarengatik», emango diote saria.

IVAN ZULUETA

80 urte bete dira Ivan Zulueta zuzendaria jaio zela, eta Zinebik urtemuga horrekin bat egin nahi izan du. Espainiako Filmategiak 4K formatuan berreskuratu eta digitalizatu ditu haren lanak, eta horiek guztiak proiektatuko dira jaialdian. Ia zortzi ordu dira guztira, galduta zeudela uste ziren materialarekin. Jada egin dira emanaldi batzuk, eta hurrengo saioa azaroaren 15ean izango da, Golem Alhondiga aretoan.

IRISGARRITASUNA

Zinebiren antolatzaileek, hain zuzen, jaialdirako eta kulturarako sarbidea ahalik eta jende eta kolektibo gehienentzat izan dadin egiten du lan. Horregatik, iaz bezala, aurten pertsona gorrentzako programazioa sortu du. Euskal Gorrak federazioarekin lankidetzan sortutako egitaraua izan da. Bost film labur aukeratu dituzte, pertsona gorren errealitatea erakusteko asmoz. Larunbatean izango da saioa, 12:00etan, Golem Alhondigan hau ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.