Literatura. Hirudia

Naziotasunaz (eta II)

Idurre Alonso.
2011ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Barkatuko didazue aste batzuk atzera egitea, baina aurrekoan proposatutako galdera sortari erantzun egin behar niola iruditzen zitzaidan.

Gainontzeko nazioetan gertatzen den bezala, Euskal hezkuntzaren helburu nagusietako bat nazio identitatea eraikitzea dela uste dugu askok. Hori erdiesteko, ordea, ez daukagu modu sistematiko eta landurik. Eta modu horren gabeziak eragiten du bakoitzak bere bidetik lortu nahi izatea zorioneko helburua. Batzuek literaturaren historia ezagutzearen beharra aldarrikatzen dute, eta horri lotuta, egungo idazle «klasikoak» edo erdigunekoak irakurrarazteko beharra. Beste batzuk saiatzen dira ikasleak literatura irakurtzen trebatzen, eta, horretarako, denetariko irakurgaiak erabiltzen dituzte. Eta badago literaturaren irakaskuntza ikasleak irakurzaletzeko helburuarekin baliatzen duenik ere.

Duela zenbait asteko hirudian aipatzen nuen ez dela zuzena beti liburu irakurterrazak eskaintzea ikasleei, baina era berean izan daitekeela okerra beti beren kezka eta interesetatik urruti daudenak ematea. Eta, beharbada, erdibidean egon zitekeela aterabidea. Iban Zalduak ikasgeletan idazle kanonikoak irakurraraztearen alde egingo luke, eta iritzi berekoa da Ur Apalategi ere. Joera horretan, ordea, badago zailtasun bat: nola iritsiko da ikaslea testu kanoniko horiek ulertzera? Izan ere, ezer gutxirako balio digu idazle klasiko batzuk irakurtzea horiek ulertzeko gai ez badira. Eta hori ez da «berez» lortzen.

Gainera, ez dezagun ahantzi hezkuntzak baduela beste egiteko nagusi bat: hain zuzen ere, ikasleei gaitasunak garatzen laguntzea, alegia, hainbat jakintza arlotan trebatzea. Ildo horretatik, bi ideia azpimarratu nahi nituzke literaturaren irakaskuntzan: lehena, irakurritakoa landu egin behar dela ulermenera iristeko, alegia, esanahiaz eztabaidatu, interpretazioak egin, irakurritakoaren gainean sormena eta irudimena garatu, eta abar. Bigarrena, erdiguneko bihurtu diren liburuak ulertzeko ikaslea trebatu egin behar dugula (gainontzeko ikasgaietan bezala), eta beraz, garapen-bide bat diseinatu behar dela; ez diezaiegun eskatu hutsetik hasi eta Agirre zaharraren kartzelaldi berriak liburua irakurtzea (zoragarria bada ere). Trebatze-bide horretarako, begitantzen zait erdiguneko nahiz bestelako liburuak behar ditugula.

Inork ez du zalantzan jarriko matematiken, fisikaren, kimikaren... egitekoa ikaslea trebatzea dela, egiten irakastea; zergatik jartzen dugu, orduan, zalantzan, hizkuntzan eta literaturan trebatzeak helburu izan behar ote duen? Zergatik mugatu humanitateen adarretako jakintzak eduki kontzeptual hutsetara?

Honen harira, Retolazak Cánones y contra-cánones: vías de legitimación y deslegitimación en la poesía vasca artikuluan aipatzen duen gisara, bertsolaritzak egoki asmatu du jendarteratzen, hain zuzen ere, ardura hartu duelako kultur komunitate bat sortu eta praktika kultural batzuk transmititzeko. Alegia, komunitate oso bat trebatu du komunikazio eredu horretan. Hortxe egon daiteke bertsozaletasun berriaren gakoa. Euskal literaturan, ordea, trebakuntzaren hatsarrea barneratzeko daukagu oraindik.

Bukatzeko, literaturzaletasunaren auzia ekarri nahi nuke hona. Izan ere, azkenaldian kezka sortu da galdera baten inguruan: hezkuntzaren egitekoa al da zaletzea? Zaletzeak ezin du helburu bakar izan, baina nahiago nuke literaturara, matematiketara edota beste ezein materiatara zaletzen duen Hezkuntza Sistema.

Izan ere, zaletasuna sustatzearen beharra zalantzan jartzen denean, kezka handi bat sortzen zait. Hain zuzen, bizi dugun egoera soziopolitiko eta linguistikoak eragiten du gazteen artean euskarazko literaturarekiko atxikimendua alboratzea adin batetik aurrera (maila askoz apalagoan gaztelaniazkoarekiko). Horrek ezinbestean dakar euskal komunitatearekiko eta euskararekiko urruntasuna.

Beraz, zaletasunaren gaia aztertu behar da, F. Rodriguez eta A. Iturriotzek aldarrikatzen duten moduan, testuinguru soziopolitiko eta linguistikoa aintzat hartuta; alegia, kontuan izanik hizkuntza ukipen egoerak eragiten duela bete-betean sortzen diren kultur produktuetan nahiz produktu horien kontsumoan eta kontsumitzeko eran.

Izan ere, zein beste herritan gertatzen da literaturarik ez lantzea hizkuntza politika sendorik ez dagoelako?; zein beste herritan kontsumitzen da gehiago beste herri bateko literatura, irakurleak ez direlako gai bertakoa ulertzeko?; zein beste herritan erabakitzen dute literatur kanona beste herri bateko sariek? Gurea bezalako beste herririk badago, Estaturik gabeko herria izango da ezbairik gabe. Bada ordua Herri izateko bideak artikula ditzagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.