Literatura. Hirudia

Naziotasunaz (I)

Idurre Alonso.
2011ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Bukatu da ikasturtea. Ikaslerik gehienek hartuak dituzte oporrak, eta irakaslerik gehienek ere bai. Ikasleetako batzuek kurtsoa errepikatu beharko dute, eta beste batzuek aurrera egingo dute, atzean lagun batzuk utzi izanaren gazi-gozoarekin. Ikasketak amaitutzat eman dituztenek lanerako bidea hartuko dute, edo langabeziarakoa. Selektibitatean kimikako azterketarik egin behar izan ez zutenetako askok unibertsitatera joko dute, gustatzen zaiena ikasi eta ikasitako horretan lan egingo dutelako sinesmen inozentearekin.

Aurton zer ikasi duten galdetuta, eduki asko eta asko aipatuko dizkigute harro-harro, beharbada batzuk guk inoiz ikasi gabeak, eta beste asko, beharbada, ahaztu samar ditugunak. Aurton zertara zaletu diren galdetuta, ordea, beldur naiz aurpegi arraroak jarriko ote dizkiguten, zein erantzun espero dugun ulertu ezinik. «Zaletu?».

Eta horixe da, une honetan, erabakitzeko daukaguna: ikasleak zaletu egin behar al ditugu literaturan? Egunotan Bilbon Euskal literaturaren irakurzaletasuna-ren inguruko hitzaldi sorta bikaina izan dugu. Bertan, besteak beste, hezkuntza arautua izan da hizpide; eta, hezkuntza arautuarekin batera, ikasleen literaturzaletasuna eta irakasleak bete beharreko lana. Funtsean, bi ikuspegi: bata, ikasleak irakurketara zaletu behar direla, eta horretarako, Irakurketa Planak garatu. Beste aldean, honako ikuspegia: hezkuntzaren egitekoa ez dela ikasleei plazer ematea, ezpada euskal hiritarrak formatzea, identitatea eraikitzen lagunduz (eta beraz, literaturaren historia eta idazle klasikoak irakastea lehenetsiz).

Honen karira, hainbat galdera sortzen zaizkit: nolako euskal hiritarrak nahi ditugu? Nora iritsiko gara iparra ikuspegi batean edo bestean jarrita? Zein bidek lagunduko digu nazio-identitatea eraikitzen? Alegia, komunitate elebakarretan literatura bortxaz irakatsi arren, ikasleak delako nazioan dagoen identitatea barneratuko du. Gurea bezalako komunitate diglosikoetan, ordea, hezkuntzaren bidez eraiki nahi den nazio-identitate horrek lehiatu egin behar du indartsuagoa den beste komunitate batekin (liburu merkeagoak, aukera zabalagoa, marketin indartsuagoa...).

Bestalde, Xabier Aierdik ziostan —nire tesiaren epaimahaiburu zela— ikaslea bezero bihurtu dugula, edukiak banalizatuz. Hortaz, erosoa dena saltzeko joera nagusitu da ikastetxeetan. Ildo horretatik, prest al gaude ikasleak irakurzaletzeko helburu hutsera makurtzeko? Euskal irakurleak edozer irakurtzearekin konformatzen al gara? Horretara bagoaz, Ur Apalategiren hitzetan deskriba dezakegu euskal literaturaren etorkizuna, non ekoizpen kulturalari ez zaion interesatuko irakurlearen identitatea, irakurle kopurua baino. Lanaren kalitatearen bila arituko diren irakurleak ere, egun baino gutxiago izango dira.

Erronkak handiak dira, eta galderak zailak erantzuten. Edozein modutan, erantzun beharrekoak. Eta ez edozein modutan erantzun beharrekoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.