LITERATURA

Nekatuta, baina heldu da

Nafarroako konkistaren bueltan hezurmamitutako Erresuma eta Fedea trilogiaren hirugarren eta azken alea kaleratu du Aingeru Epaltzak, 'Gure Jerusalem galdua' (Elkar).

Igor Susaeta.
2013ko azaroaren 26a
17:58
Entzun

Ia 11 urte igaro ditu idazle iruindarrak (1960) hiru liburuak osatzen —Mailuaren odola (2006) eta Izan bainintzen Nafarroako errege (2009)—, eta 8.000 metrotik gorako mendi bat igotzearekin konparatu du, gaur goizean, Donostian egindako aurkezpen ekitaldian. "Izozterik gabe heldu naiz oinarrizko kanpalekura, baina prozesuan nire gorputzaren eta osasunaren zati bat joan da", aitortu du.

Nafarroako konkistari (1512) buruz irakurri zituen bertsio kontrajarriei erantzun bat aurkitzeko hasi zen libururu hirukotea osatzen, eta horretan Joanes Mailu fikziozko pertsonaia da protagonista. "Erregearen odola dauka, baina sasikoa da. Baztertu egiten duten arren, erresumari eta fedeari oso fidela da. Nafarroako Erresumaren azken gudaria, zerbitzaria, soldadua izan zen". Haren "bestaldea, ifrentzua", Pedro Agerre Axular apaiza da. "Biografiak-eta irakurrita, badakigu non sortu zen, zer egin zuen, baina ez nolakoa zen. Eta hori abantaila bat da literatura sortzaile batentzat. Hortaz, nik nire Axular sortu dut".

Trilogiaren hirugarren liburua 1586 eta 1610 artean kokatu du, eta nabarmendu nahi izan du abentura nobela bat dela eta asko duela, aldi berean, XVII. mendeko nobela pikareskotik. "Sinesgarritasunaren mesedetan ahalik eta zorrotzena izaten saiatu naiz, baina fikzioak pisu handiagoa dauka".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.