Nerea Ibarzabalek 698,5 puntu eskuratu zituen atzo Zumaian (Gipuzkoa) egin zuten saioan; 661,5 eskuratu zituzten Nahikari Gabilondok eta Miren Artetxek; 627,5 Arkaitz Oiartzabal Xamoa-k; 617,5 Asier Otamendik; eta 616 Ibon Ajuriagojeaskoak.
Horrenbestez, azaroaren 4an Maule-Lextarren jokatuko den finalaurrekoan izango da Ibarzabal, eta han, oraindik sailkatu gabe dauden beste lau bertsolariz gain, Beñat Gaztelumendi izango du bertsokide.
Datorren astean argituko da nor izango diren kantari Mauleko finalaurrekoan, eta baita gainerakoetan ere. Izan ere, larunbatean jokatuko da azken final laurdena, Tolosan (Gipuzkoa). Beñat Lizaso, Eneko Lazkoz, Etxahun Lekue, Jon Maia, Maddalen Arzallus eta Xabat Galletebeitia arituko dira.
Atzo, 700 lagunek lepo bete zuten Aitzuri pilotalekua, eta giro ona egon zen saio osoan.