Idazlea: Castillo Suarez.
Ilustratzailea: Eider Eibar.
Argitaletxea: Mezulari / Mensajero.
Suarez eta Eibar, haur literaturaren mundutxo honetan lekua egiten ari diren bi sortzaile. Biak batera datozen honetan, tapa gogorreko narrazio-liburu ilustratu bat eskaini digute.
Kontaketa errealista aukeratu du Suarezek, protagonistek eurek lehen pertsonan kontatua.
Gai bat baino gehiago jorratzen dira bertan, kontaketak duen itxura sinplearen azpian: azal-azalean, antagonisten arteko erakarpen istorio bat dago. Protagonistek sentimenduak hitzez adierazteko duten zailtasuna erakusten zaigu, eta zailtasunen gainetik elkar ulertzeko egiten duten ahalegina. Paraleloki, haur emigranteek gainditu behar dituzten erronka pertsonalei buruz hitz egiten zaigu.
Kontaketa josteko bi pertsonaia nagusi agertzen dira: Kariñe, musu-besarkadak eman zalea den neska, eta Adolfo, kopetilun ibiltzeko joera duen mutil argentinar iritsi berria. Sentitzen duten elkarrenganako erakarpenari bidea emateko, Adolfok bere sumindu jarrera alboratu behar du, eta Kariñek egonarria erakutsi.
Ilustrazio lana gorri-urdinez marraztutako pertsonaiek osatzen dute. Atze berde-grixa fokuan dauden pertsonaietatik bereizteko, izokin kolore argi batez zanpatutako brotxakadak erabiltzen dira.
Bi protagonistak dira marrazketa-gai ia bakarra, eta euren karakterizatze psikologikoan sakontze aldera, Kariñeren ile kizkurrari bihotzak darizkio, eta Adolforen buru gainean hodei euritsu bat ageri ohi da.
Irakurketa atsegineko lana iruditu zait, iradokitzailea eta gure garaiko kezkekin konprometitua. Halere, pertsonaien karakterizazioa eraikitzeko topikoetan oinarritzen da, eta, nire ustez, edozein gizarteren erradiografia egin asmo duen lan batek, estereotipoak baino benetakoagoak diren pertsonaia kontraesankorrak eraikitzeko lana hartu beharko luke, obra borobiltze aldera.
Eibarren marrazketan antzeko onurak eta ahuldadeak islatzen direla iruditu zait, irudigintza eraginkorra den bezala, karakterizazioetan gutxi sakondu duela eta hari narratiboan ekarpenik ia egin gabe.
Bestalde, Suarezen lan narratiboan zatikako testu eraikidura dago. Alegia, forma konplexuko kontaketa bakar bat beharrean, elkarren ondoan ezarritako puskak daude, poeta baten kasuan normala izan daitekeen joera, baina narraziogintzaren ikuspuntutik ahul gertatzen dena.
Liburu honen aberastasunik handiena, nire ustez, islatzen duen mezuan dago. Haurren arteko harremanen berri ematen digu, sentimenduak adierazteak zenbateko enbarazua sortzen digun gogorarazten, eta Kariñek erakusten duen jarrera maitekorrak gure artean zein leku gutxi duen agerian jartzen du. Ahaztu gabe Adolforekin immigrazioa bizi duten haurrez hitz egiten zaigula, aspaldion gurera datozen immigranteekin abegikortasuna erakutsiz eta haien jarrera ezkorrak ulertzeko giltzak ematen ahaleginduz.
Ondorio gisa, nire ustez, Muxurik nahi? ez da lan akatsgabe bat, baina bai gure apalategian edukitzeko adinako merezimendua baduen obra, testu irakurterraz eta atsegin baten abaroan, bigarren eta hirugarren mailako azpiko irakurketak eskaintzeko abildadea erakusten duen lana.
Literatura. Haur eta gazte literatura. 'MUXURIK NAHI?'
Neska zalamera eta mutiko sumindua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu