Nestor Basterretxeak (Bermeo, 1924) egin du aurten, enkarguz, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren kartela. Atzo aurkeztu zuten lana, Durangoko San Agustin kulturgunean, eta Basterretxeak esan zuen "ohorea" izan dela kartela egitea.
Azkenaldian lantzen dabilen teknika berri baten oinarritzen da Basterretxearen lana, Gerediaga elkarteak azaldu duenez. Telebistako irudietako pixelei argazkia atera eta haiei forma emanez, egitura geometrikoak egiten ditu, hortik kolore biziak dituzten beirateak osatzeko. Berria izanik ere, estetikoki artistaren ikur den itxurarekin bat dator lana. Artista bera eta Aiert Goenaga Durangoko Azokako zuzendaria izan ziren prentsaurrekoan.
Azken urteetan lehiaketa bidez aukeratu izan du Gerediaga elkarteak kartela, baina aurten lehengo ohitura berreskuratu nahi izan dute antolatzaileek. Lehen, hain zuzen, Durangaldeko artista bati eskatzen zioten kartela egiteko, "eta oraingoan euskal artista bati eskatu diogu enkargua", adierazi du elkarteak; "lehen lerroko artista bati".
Goenagak eskerrak eman zizkion Basterretxeari, "eskainitako eskuzabaltasunagatik eta kolaborazioagatik".
Abenduaren 6tik 9ra izango da Durangoko Azoka, 47.a. Artistak esan duenez, azokan egon izan denean beti "miretsi" izan du "ibilitako jendetza eta ekimenaren arrakasta". Aipatu du "pena" dela halako ekimen batek "hain egun gutxi irautea".