Eusko Ikaskuntzaren eta Euskadiko Kutxaren saria

Nestor Basterretxeari Eusko Ikaskuntzaren eta Euskadiko Kutxaren saria eman diote

Aurretik iragarri bezala, gaur eman diote Nestor Basterretxeari (Bermeo, 1924) Giza, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Eusko Ikaskuntzaren eta Euskadiko Kutxaren saria. Besterretxearen "osotasun artistiko polifazetikoa, bizi luze batean garatua" aintzat hartuta erabaki du saria ematea epaimahaiak. "Euskal Herrian bertan zein kanpoan ere, euskal artearen garapen eta nazioarteko errekonozimendurako ezinbesteko ekarpena" izan dela iritzita.

2005eko urriaren 18a
19:26
Entzun
18.000 euro eta diploma jasoko ditu Basterretxeak gaur, Eusko Ikaskuntzak Donostiako Miramar jauregian duen egoitzan egingo den ekitaldi ofizialean. Juan San Martin idazle eta euskaltzain zendu berriak jaso zuen iaz Eusko Ikaskuntza eta Euskadiko Kutxaren saria.

Bermeon jaio arren, 36ko gerraren ondorioz Argentinara eta Frantziara joan behar izan zuen, gazterik, Basterretxeak, eta kanpoan zelarik hasi zen artearen munduan sartzen. Euskal Herria itzulita, 1954an, Arantzazuko basilika berriko kriptako horma-irudiak egiten hasi zen, harik eta eliz agintariek lanak geldiarazi zituzten arte. 30 urte geroago bukatu ahal izan zuen lana, 1984an.

Aurretik, 1972 eta 1973an Euskal kosmogonia landu zuen, euskal mitologiako pertsonaietan eta gertakarietan oinarritutako eskultura saila.

Leku publikoetarako egindako eskultura ezagun askoren egilea ere bada Basterretxea: Eusko Legebiltzarreko ikurra, Gasteizen; Bakearen usoa, Donostian; Eskultura monumentala, Getxon (Bizkaia); Ur-bide, Arriarango presan (Beasain, Gipuzkoa), euskal artzainari eskainitako monumentua, Renon (AEB).Zinemagintza arloan, Fernando Larrukertekin elkarlanean egindako lanak ditu ezagunenak eta eragin handikoenak, Pelotari eta Ama Lur batez ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.