'Neure txiki polita' diskoan umetako kantu eta kontuak jaso ditu Gontzal Mendibilek

Bere musikagintzan eragina izan duten Arratia eta inguruko herri kantak interpretatu ditu

Gontzal Mendibil, disko berriaren aurkezpenean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2011ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Gontzal Mendibilen (Zeanuri, Bizkaia, 1956) esentzia jasotzen du Neure txiki polita diskoak. Musikariaren taupada eta arnasa. Gorbeiaren magalean hazitakoaren nortasuna. Horregatik ageri da Mendibil bera azaleko argazkian, arreba Amaiarekin batera. Bost urte inguru zitueneko irudia da, diskoan «umetako kantuak eta kontuak» bildu baititu musikariak. «Nire musikagintzan oso garrantzitsuak izan dira, eta aspalditik nuen gogoa ateratzeko eta zerbait egiteko», azaldu du Mendibilek.

Arratia eta inguruko herrietako abestiak interpretatu ditu. Herrikoiak dira denak, Malkoak euri balira eta Gorbeiako haizea izan ezik. Lehena Xabier Leterena da, eta lagun izandako poetaren omenez sartu du diskoan. Bestea lehengusu zuen Sabin Intxaurragaren oroimenez idatzi eta abestu du.

Joandako garaiak akorduan izatea garrantzitsua bada joandako lagunak gogoratzea ezinbestekoa dela esan du Mendibilek, hunkiturik.

Aurrez hainbatek bildutako abestien artean «barneko» sentitzen dituenak hautatu ditu. «Denetarik dago. Batzuk amodiozkoak eta desamodiozkoak dira. Eta beste batzuk, tragediak. Lapur famatua-k ezkontza batean gizon batek hamahiru pertsona hil zituela kontatzen du, bere bikote izandako emakumea beste batekin ezkontzen ari zelako. Badago beste bat estilo horretakoa, Frantzie kortekoa».

Herrikoiak izanagatik, abesti asko ez ditu bere hartan interpretatu. Otxandioko errementariak kantuan, esaterako, Ameriketara joan nintzan eta Saltzen saltzen abestiak ere sartu ditu. Eta «konponketa modernoak» egin dizkien arren garai bateko espirituari eusten diotela esan du Anjel Valdes Elkarreko editoreak.

Neure txiki polita diskoko abesti guztiak Jean Phocas teknikariak grabatu ditu estudioan, baina zuzenean. Musikari talde zabal batek lagundu dio Mendibili: Marife Nogalesek (ahotsa) Jose Luis Canalek (pianoa), Angel Unzuk (gitarra), Blas Fernandezek (bateria), Roberto Caballerok (baxua) eta Joe Gonzalezek (saxoa eta klarinetea).

Bi egunetan grabatu zituzten hamabi abestiak, eta ia moldaketarik gabe jaso dituzte, «huts eta guzti». Zuzeneko freskotasunak diskoari indarra ematen diola adierazi du Mendibilek. Indar hori berori eraman nahi du zuzenekoetara. Eta jendea kantuan jarri nahi du. «Azken urteetan entzule hutsak bihurtu gaituzte».

Diskoan parte hartu duten musikariek berek emango dituzte kontzertuak. Otxandion (Bizkaia) aurki joko dute, eta Zeanurin abuztuaren 14an izango dira. Gasteizko jaietan ere joko dute, eta Bilbon udazkenean izatea espero dute. Neure txiki polita «ibilbide luzeko lana» izatea nahi du Mendibilek. Toki askotan aurkeztu ahal izatea. Elkarrekin argitaratu du, krisiak azken urteetan kudeatu duen Keinu zigilua «hondoratu» baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.