Egiazko jazoeretan oinarritutako antzezlana, «XXI. mendeko ikuskizun satiriko irrazionala» aurkeztuko dute Loli Astoreka, Galder Perez, Eduardo Gabiña, Mikel Losada eta Lander Otaola aktoreek. Langabeziak elkartu zituen Sekula bai! obraren egitasmoan, eta «ogia atera nahian dabiltzan aktore langabeen» rola jokatuko dute Korrika Kulturaren barruan Alondegian bihar 20:00etan estreinatuko den antzezlanean ere.
Aktore talde bitxia osatzen dute. «Sofistak, juduak, mormoiak, pederastak, masoiak, antisemitak, kaukasiarrak eta oso finak» direla diote. Irudimena astintzen hasi, eta umorea muturrera eramanda, Loli Astorekak 18 urte dauzka, taldeko gazteena da, eta «Bernagoitiko espainiar aktore tipikoa». Gehiago ere badio haren aurkezpen txartelak: «Bekokale-n elbarrituaren pertsonaia arrakastatsuarena egin ostean, bere ataria autografo eske datozen ahalmen urriko lagunez josita dago. Mar adentro-n parte hartzeari uko egin zion».
Galder Perez «talentuzko bilbotar aktore burusoilak» ere parte hartuko du obran. Baita Lander Otaola «Macaulay Culkin euskaldunak» ere. «A ze astetxoa saioan parte hartu zuen, baina heroinak eta gobernu aldaketak bere ibilbidea eten egin zuten».
Mikel Losadaren oroitarrian Juan Martin euskaldun berria jarriko du soilik. «Rol hori jokatu ostean, esperantoz mintzo da», dio haren txartelak. Hura ere Sekula bai!-n izango da. Eduardo Gabiña Yoghurina Borova-k osatuko du taldea, «Laudioko maritxu aktore marikoiak». «Las Fellini talde transtornistatik bota egin zuten, indarkeria gaitzesten ez zuela medio», dio haren txartelak.
Astorekak, Perezek, Otaolak, Losadak eta Gabiñak agindu dute taula gainean «arima eta bihotza ez ezik larrua, gibela eta pankrea ere» utziko dituztela. Itziar Lazkanoren zuzendaritzapean, hainbat esketx egingo dituzte, antzerkia eta kabareta uztartuz. Eta azalduko dute «Kaxianok ikusmena nola galdu zuen eta Forrest Gump pertsonaia euskal politikari batean oinarritua dagoela».
Perezek azaldu duenez, «puri-purian dauden gaurkotasun handiko gaiak» ere izango dituzte aztergai: ETAren jardun armatua etenda, Barre Algararen Aldeko Erakundea sortuko dute Sekula bai!-ko aktoreek. «Erakunde surrealista eta zirikatzailea», egin du ñabardura Perezek.
Halaber, Hollywoodeko klasikoak Euskal Herrian filmatu izan balira nolakoak izango liratekeen ere azaldu dute Sekula bai!-n. Besteak beste, Titanic, Casablanca eta Some Like It Hot-en «euskal interpretazioak» egin dituzte, Astorekak aurreratu duenez.
Dantzari ere egingo diote tokia. Tarteka-marteka, Maitane Zalduegik sortutako koreografiak dantzatuko dituzte. Bost, orotara.
Gai eta estilo bateko zein besteko esketxetan, umorea nagusi dela dio Perezek. Astorekak argi du: «Geure buruari barre egiten diogu etengabe». Oroz gain, ikuskizun «garratza» dela uste du Perezek. «Egungo bizimoduan dauzkagun jarrera hipokrita batzuez ere arituko gara. Eta, horretarako, pertsonaia prototipoak sortu ditugu». Erlijio katolikoaren absurduaz ere jardungo dira. Eta hori guztia «ikuspegi nahiko garratzetik» egingo dutela ohartarazi du.
Alabaina, Astorekak desberdin ikusten du: «Badago tonu kritikoeta ironiko bat, baina ez nuke esango garratza denik». Izenak berak, Sekula bai!-k, lanaren mamiaren eta aktoreen arteko jardunaren berri «ezin hobeto» ematen duela uste du Astorekak. «Kontraesana da berez. 'Sekula bai' ez da sekula santan esaten!». Izenak laburbiltzen du antzezlanean dauden ertz eta ikuskera askotarikoak, muturrekoak eta kontrajarriak.
Neurririk gabe barregarri
Kabareta eta antzerki esperpentikoa uztartuta iritsiko da 'Sekula bai!' bihar plazara, Korrika Kulturalaren barruan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu