Mar Otra Vez eta Demonios Tus Ojos taldeetako kide izandakoa, Javier Corcobadok hogeitik gora urte daramatza esperimentazioa eta kantu melodikoa uztartzen. Bere azkeneko diskoa, Luna que se quiebra sobre la tiniebla de mi soledad, bere ibilbidea markatu duten kantuei eginiko omenaldia da, eta Iruñean (gaur) nahiz Donostian (bihar) aurkeztuko du egunotan.
Azken diskoan kantu estandarretara jo duzu, melodia ardatz izan duten abesti klasikoetara. Ez da, nolanahi ere, zaletasun berri bat, aurretik ere grabatuak baitituzu boleroak... Nondik datorkizu zaletasun hori?
Beti gustatu izan zaizkit estilo zaharrak. Agian, orain horretan zentratu naiz, baina esango nuke nire lan askotan dagoela joera hori. Crooner-aren kantu melodikoarekiko lotura beti izan dut. Ni haurra nintzenetik naiz crooner-a. Nire lehenengo musika oroitzapena Serge Gainsbourgen Poupée de cire, poupée de son da. Gogoratzen dut neure burua amonaren magalean eserita Eurovisioneko jaialdia ikusten France Gallek irabazi zuenean. Eta txikitatik abesten nituen Julio Iglesiasen, Raphaelen, Frank Sinatraren eta Antonio Machinen kantuak.
Eta, beste aldetik, muturreko musikari eta zaratari zaude lotuta Mar Otra Vez sortu zenuenetik. Nola uztartzen dira bi joera hain markatu horiek?
Bai, alde batetik, zarata, eta, bestetik, kantu melodikoa. Eta uztartzen dira nire interesekoak direlako, besterik gabe. Gainera, gustatzen zait disko berean ez ezik, kantu berean ere uztartzea bi mundu horiek.
Zarata punkaren bidez jaso zenuen?
Ez, gehienbat etxean esperimentuak egitetik sortzen zait interes hori. 14-15 urterekin kaseteak grabatzen nituen, gitarra zatiak, garrasiak, zaratak... eta gero zinta atera, ebaki egiten nuen eta berriro itsatsi.... hortik beste zerbait sortzen zen. Hor sortu zitzaidan zaratarekiko interesa. Eta are gehiago Suicide eta Throbbing Gristle ezagutu nituenean. Gero The Velvet Undergrounden Sister Ray ezagutu eta...
Disko berriko kantu gehienak XX. mendeko 70eko hamarkada aurretik idatzitako dira, Frank Sinatrak, Astrud Gilbertok, Agustin Larak eta Manuel Alejandrok ezagutarazi zituztenak. Salbuespen bat bada, ordea: Spacemen 3 taldearen Losing Touch With My Hand, 1986koa. Nola ezkontzen da bertsio hori beste guztiekin?
Oinarri bakarra nuen disko honetarako: zirraragarri egiten zaizkidan kantuen bertsioak egitea. Kantu onak nahi nituen, estiloei gehiegi begiratu gabe. Losing Touch With My Hand Spacemen 3ren nire kantu gustukoenetakoa da, eta sartu nahi nuen. Revolution ere izan zitekeen, baina bat aukeratu behar nuen.
Zerk eramaten zaitu orain bertsioen disko bat egitera?
Beti gustatu izan zait bertsioak egitea. Mar Otra Vez-ekin ere James Brownen Sex Machine-ren bertsio bat egin genuen, eta gerora askotan egin ditut. Vinicius de Moraes, Mina, Raphael, Ennio Morricone... gero boleroen bi disko egin nituen, eta haietan kantu gehienak bertsioak ziren. A nadie (2009) diskoa kaleratu ondoren, pentsatu nuen orain zela momentua. Eta diskoak jarraipena izango du laster argitaratuko dugun EP batekin. Jobim eta De Moraesen Insensatez, The Partisan, Leonard Cohenek ezagun egin zuena, eta Ansiedad mundu osoan Nat King Colek ezagutarazi zuen kantu zoragarria bilduko ditu.
Kontzertuak disko honetan oinarrituko dituzu?
Parte bat izango dute disko honi lotua, baina, bestetik, nire beste alderdia, zaratari eta esperimentazioari lotutakoa, hori ere azalduko da.
Javier Corcobado. Musikaria
«Ni haurra nintzenetik naiz 'crooner'-a»
Iruñean eta Donostian ariko da gaur eta bihar Javier Corcobado, 'Luna que se quiebra sobre la tiniebla de mi soledad' diskoa aurkezten, beti oso gustuko izan dituen kantuen bertsioekin osatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu