DONOSTIAKO MUSIKA HAMABOSTALDIA

Nicanor Zabaleta eta Domenico Scarlattiren musika hizpide

Errusiako musikak tarte handia izango du Donostiako Musika Hamabostaldian

ITSASO IBARRA DONOSTIA
2007ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Abuztuaren 6an emango zaio hasiera Donostiako Musika Hamabostaldiari. Nicanor Zabaleta harpa jotzaile donostiarra eta Domenico Scarlatti musikari italiarra izango ditu ardatz aurten Musika Hamabostaldiak.

Viktoria Eugenia antzokian egingo da inagurazio ekitaldia, eta bertan Domenico Scarlatti (1685-1757) Italiako konpositorearenL´Ottavia restituita al trono obra izango da entzungai. Lan horren lehen emankizuna Napoliko San Bartolomeo antzokian egin zen, eta Viktoria Eugenia antzokiko emanaldia Francisco Lopezek atonduko du.

Italiako konpositorearen musika izango du ardatzetariko bat aurtengo Musika Hamabostaldiak, eta hala, Scarlattiren obrekin osaturiko kontzertu gehiago ere izango dira. Chambre de Lausane Orkestrarekin batera Christian Zacharias piano jotzaileak musikari italiarraren sonata sorta bat eskainiko du abuztuaren 25ean Viktoria Eugenia antzokian. Kursaaleko Ganbera aretoan ere egingo zaio lekua Scarlattiren musikari, eta bertan Mensa Harmonica eta Carlos Mena kontratenorraren errezitaldia izango da entzungai. Bestalde, Antzinako Musika Zikloaren barruan ere izango du tarterik Scarlattik.

Nicanor Zabaleta (1907-1993) harpa jotzaile donostiarraren obrek ere tarte garrantzitsua beteko dute aurtengo hamabostaldian. Abuztuaren 31n Viktoria Eugenian egingo den kontzertuan Xabier Montsalvatge musikagileak Zabaletari eskainiriko Harpa eta orkestrarentzat kontzertua eskainiko dute Frederique Cambreling harpa jotzaileak eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak. Txillida Lekun egingo diren kontzertutan ere Zabaletarentzat bereziki sortu ziren hainbat obra entzuteko aukera izango da. Gainera, musikagile donostiarraren inguruko erakusketa ere izango da ikusgai.

MUNDUKO ORKESTRAK. Kursaala nazioarteko orkestren agertoki bilakatuko da aurten ere, eta bertan izango dira: Genevako Ganbera Orkestra, Ruben Jumenok zuzendua; Parisko Orkestra, Christoph Eschenbachek zuzendua; WDR Kolonia Irratiko Orkestra Sinfonikoa, Semion Bytxovek gidaturik; San Petersburgoko Mariinski Antzokiko Orkestra Sinfonikoa, Valeri Gergievek gidatua; eta Errusiako Orkestra Nazionala Michael Pletnev eta Charles Dutoiten gidaritzapean. Errusiako Orkestrak, gainera, Errusiako obrekin osaturiko hiru kontzertu emango ditu. Kontzertuetariko batean Ratxmaninov-en Aleko operaren bertsioa egingo dute. Martha Argerich piano jotzailea ere ariko da Errusiako Orkestra Nazionalarekin batera abuztuaren 24an.

'HOFFMANNEN IPUINAK'. Aurten ere izango da antzeztutako operarentzat lekua, eta Offenbachen Hoffmanen ipuinak operaren bertsio berri bat emango du Lindsay Kempek abuztuaren 11n eta 13an. David Parryk zuzenduko du obra, eta emanaldian Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Kantabriako Abesbatza Lirikoa, Aquiles Machado eta Maria Jose Morenoren ahotsak entzuteko aukera izango da.

Dantzari dagokionez, Amerikako Estatu Batuetako Boston Balletak La Sylphide taularatuko du. BAKARLARI ETA AHOTSAK. Maria Bayo, Carlos Mena, Johan Botha eta Vivica Genaux abeslarien ahotsa entzuteko aukera izango da Hamabostaldian. Iragarrita bazegoen ere, azkenean, Teresa Berganza ez da izango Viktoria Eugenia antzokian. Bakarlarien artean, berriz, Martha Argerich, Joaquin Atxukarro eta Christian Zacharias musikarien kontzertuak izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.