Hamar kantu ditu Benito Lertxundiren disko berriak. Giro intimistakoak dira gehienak, baina aire bizizale bat dutenak.
Itsas ulu zolia(2008) aurreko lana argitaratu ondoren esan zenuen kantu tristeetarako joera baduzula. Oraingoak tristezia baino gehiago transmititu dit begirada soseguzko bat, jakinduria sakon batera hurbiltzeko ahalegina.
Kantu bat nahiko tristea da. Diskoko azkena, Pako Aristik idatzitako Irail tristea. Arraun giroaz idatzi zuen. Ondoren, moldatu egin nuen, eta esanahi zabalago bat izatea nahi nuen... izan liteke itsas giroko drama bat... Propio nahi izan dut triste egin, eta lortu egin dut gainera. Tristeziak sortzen duen atximur hori adieraztea nahi nuen. Jakinduriarenaz... asko poztuko nintzateke jendeak pertzepzio hori baldin balu. Hala balitz, lortu dut komunikatzea.
Diskoak badu usain mediterranear bat. Neurri handi batean Angel Unzuren bouzukiak eraginda...
Niri beti esan didate Irlanda zalea naizela eta korronte Atlantiko bat dudala eta... egon daiteke, eta badago, baina nigan beti sumatu dut Mediterraneoaren presentzia ere. Kasualitate edo kausalitate batzuk eman dira disko honetan, hala ere. Nor da erromesa kanturako solo bat diseinatu nuen biolontxeloarentzat eta biolinarentzat. Gero, estudioan geundela etorri zen Angel Unzu bouzukiarekin, eta proposamena egin zuen solo horretan zerbait jotzeko. Egin zuen, eta, bat-batean, Greziara eraman gintuen. Esan nuen: txelo eta biolinarena amaitu da, eta bouzukiarekin geratuko gara. Badaude halako gauzak.
Leonard Cohenen oihartzuna ere oso agerikoa da. Emakumezkoenkoroetan, zure fraseoan, tempoan...
Bai, eta kantuen egituretan ere bai. Begira, Cohen oso estimatua dut nik, ikaragarri gustatu izan zait beti, ez daukat lotsarik hori aitortzeko. Oso sarkorra egiten zait betidanik bere giro oniriko hori. Bitxia da Cohenekin gertatu zitzaidana. Goiz batez, gosaltzen ari nintzela irratian entzun nuen aurrenekoz, duela urte asko. Oso hurbila sentitu nuen kantu hori. Konturatu nintzen beste tesitura batean baina kantua entenditzeko molde hori nigan ere bazegoela. Gero, jarraitu egin nuen, eta ezagutu ere egin nuen.
Non ezagutu zenuen?
Ni Olentzero naiz kantuan aipatzen dut bere izena. Donostiara etorri zen Belodromoan kontzertua ematera. Iruñeko neska batekin nenbilen. Oso ausarta zen, eta goizean deitu egin zuen hotelera. Kantari baten neska-laguna zela eta kantari hark disko bat oparitu nahi ziola esan zion, bere izena aipatzen zuela kantu batean-eta. Erantzun zion gauean bere musikari baten urtemuga zela-eta afaritxo bat egin behar zutela hotelean bertan. Afari ondoren egongo ginela. Joan ginen, denbora dezente zain egon ondoren. Baina ordu eta erdiz-edo hizketan egon ginen, politikaz eta beste.
«Nigan beti sumatu dut Mediterraneoaren presentzia ere»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu