Lore elektrikoak oso garratzak omen dira jan eta berehala, baina handik gutxira, nerbioekin interakzioa egiten duten substantziak dituztenez, kilimak eragiten ei dituzte mukosa guztietan, mihian hasi eta ezpainetara zabaltzen diren kilima atseginak. Pilaren poloetako bat ahoan izatearen antzeko sentsazioa eragiten omen dute, hainbat minutu irauten duena. Hain zuzen ere, Mitxoleta elektrikoetan koleopteroak izendatu du Mitxelko Urangak bere aurreneko poema liburua. Liburu hau kaleratu baino lehen, ipuin erotiko bat zuen argitaratua Txalapartaren Basa Gurina bilduman. Horrez gainera, artikuluak argitaratu izan ditu zenbait komunikabidetan, bereziki webgune filosofikoetan, euskaraz nahiz gaztelaniaz.
Lore elektrikoek sortzen dituzten sentsazio ustez antagonikoak elkartzen dira poemotan ere; izan ere, nihilismoa eta erromantizismoa dira liburuko bi ardatz nagusiak. Munduaren ikuskera etsitua adierazten du ni poetikoak poema-sortan, liburua zabaltzen duen Shakespeareren aiputik hasita: «Gizakiak jaiotzerakoan negar egiten du eroen antzezlan honetara datorrelako». Aieneak, oihuminak, uluak daude liburu osoan, ia nihilismoz ikusten den munduari buruz jarduteko. Hain zuzen ere, hainbat gai filosofiko lantzen ditu liburuak -heriotza, askatasuna, erokeriaren mugak, antzezlan posmodernoa-, baina filosofoaren ikuspegitik egin beharrean, minez dagoen poeta da hemen hitz egiten duena. Erromantizismoa da hemen nihilismoaren salbazio bakar, eta lehen begiratuan kontzeptu biek elkar ezeztatzen dutela eman dezakeen arren, poetaren diskurtsoak biak elkartzen ditu, ezereza eta dena batzen diren lekuan, bata bestea bezain muturreko.
Dadaismo alemaniarraren izen nagusietako bat -Richard Huelsenbeck-aipatzen du lehen poeman; bosgarrenean, berriz, Marcel Duchampen txizatokia. Bigarrena lehenengoa baino erreferentzia agerikoagoa, baina biek begiratzen dute garai bertsua, batzuek abangoardiak hil baino lehenagoko sasoira. Erreferentzia esplizituez gainera, liburuak berak baditu abangoardiaren eragina erakusten duten ukituak.
Poema laburrak dira Urangak idatzitakoak; hogeita bi bertso-lerro ditu luzeenak eta zazpi laburrenak. Laburtasun horri esker, poemen irakurketa ez da zaila egiten. Errimatuak dira poemetako batzuk, baina errimetarako erabili diren atzizkiak oso komunak dira, eta nekagarri egiten dute poema batzuen irakurketa, esate baterako: pairatzen / bizirauten / nekaltzen / iragartzen.
Liburuak funtzionatu dit poema batzuetan, baina naifegia egin zait zenbait kasutan, batzuetan gehiegizko nihilismoagatik, bestetzuetan gehiegizko erromantizismoagatik; adibide bat jartzearren: «tximeleta-harrapagailuarekin gozoki-hodei galduak atzitzea». Gainera, zenbaitetan, adierazten dituen ideiak errazegiak iruditu zaizkit, eta hainbeste aldiz irakurritakoak, idaztankerak liburuari sakontasun itxura ematen dion arren.
Liburuak asebete ez banau ere, orain arte irakurri ditudanetan onena dela esango nuke. Ez dakit editorerik izan duen, baina haren eskuaren falta sumatu dut. Poema batzuk biribiltzen lagunduko lukeela uste dut, eta zenbait poematan itzuri diren aditzen komunztadurak eta koma okerrak konpontzen. Horrez gain, poema batzuetako erlatibozkoen segidak, eta azken erlatiboaren osteko komak, irakurketa zailtzen du.
Liburu interesgarria. Gogoz irakurriko dugu hurrengoa, hemen erakusten hasitakoa zehaztuz gero, liburu polita aterako zaio-eta.
'MITXOLETA ELEKTRIKOETAN KOLEOPTEROAK'
Egilea: Mitxelko Uranga
Argitaletxea: Beta.
LITERATURA
Nihilismo erromantikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu