Koldo Izagirrek Franco hil zuten egunak narrazio liburua plazaratuko du asteon. Susa argitaletxearekin kaleratuko du bederatzi kontakizunez osaturiko lana. Guztiek dute elementu bateragarritzat, modu zuzenagoan edo zeharkakoan, Francoren presentzia. Francoren azken urteak dira, eta Izagirrek bere ibilbidean konstante bat den Pasaia (Gipuzkoa) inguruko langile jendearen bizimodua erretratatu du modu literarioan. Ipuin guztiek dute gertakizun erreal bat muinean, eta Izagirrek literatura erantsi die, “haiek bizi izandakoak balio sinbolikoa har dezan”.
BERRIAk bihar argitaratuko du Izagirreri eginiko elkarrizketa. Aurrerapen gisa, segidakoak dira hark esandakoetako batzuk:
- "Urte gogorrak eta, aldi berean, zoragarriak izan ziren; ez da harritzekoa hura azaltzea".
- "Idazketan murgildu egiten naiz eta idatzi ahala sortzen zait posibilitateen aukera".
- "Une aberatsa bizi du euskal literaturak; gazteek ondo idazten dute estilistikoki, indar handiarekin, baina konfrontazioa zailago dute, etsaia tentakularra da eta dena atomizatua baitago".