Ahul nahi omen ditu bere poemak, eta, dioenez, mazedonieraz idaztea da hori lortzeko duen modua. Gertutik ezagutzen ditu Balkanetako gerrak, eta badaki egun batetik bestera dena galtzea zer den. Gurasoei entzun die horren berri. Herri kideei. Balkanetako poetarik esanguratsuenetariko bat da egun, eta hamaika hizkuntzara itzuli dituzte haren hitzak. Bilbon izan da aste honetan, adibidez, gaztelerara itzuli berri dioten poema bilduma aurkezten: Lo que una vez dijimos nos persigue (Pre-Textos). Eta euskaraz Harkaitz Canok ere baditu haren hamar poema itzulita. Sarean daude irakurgarri. Hemen aurki ditzakezu.
Eraikin zaharren hondakinez beteta daude zure poemak. Zer esanahi du sinbolo horrek zuretzat?
Nire jaioterritik hurbil zegoen muino batean hasierako kristautasunaren aztarnak aztertzen zituzten arkeologo batzuekin bizi nintzen idazle izan baino lehen. Liluragarria iruditzen zait ikustea normalean gure gorputzak jaten dituen lurrak, nola defendatu eta babesten dituen pertsona horiek sortutako objektuak. IV. mendeko kriseiluak, hautsitako geziak, orain 2.000 urte egindako harrizko etxeak... Eta haiei esker birsor dezakezu guda haien zure mosaikoa. Nola ikusi zuen konkistatzailea norbaitek, bere kriseiluarekin atea irekitzean. Eta, era berean, horretan zabiltzanean ezabatu egiten dituzu une horretan zure inguruan dituzun zuhaitzak. Orain eta hemen ikusten dituzun landareak erditik kentzen dituzu. Ez dituzu aditzen zure inguruan hizketan dabilen jendearen hitzak. Eta entzun egiten duzu isiltasuna. Nobelaren poetikaz ari zenean, Milan Kunderak esaten zuen nobela lirikaren hondakinen gainean eraikita zegoela. Poesiaren gainean. Eta honek bultzatu ninduen inguratzen gaituzten gauza puskatu hauei buruz gogoeta egitera. Irakurleak bildu egiten ditu, eta haiekin zer ikusirik ez duten beste gauza batzuekin batera jartzen ditu. Eta horrek eraman ninduen pentsatzera ea zer eraiki nezakeen nik zerbait puska horiek baliatuta. Nola batu nitzakeen nik puska horiek haien aurretik zeudenekin. [Jaques] Derrida dekonstrukzioaz mintzo zen, hizkuntzaren dekonstrukzioaz. Eta ume batek bere jostailua hamaika modutara desegin dezakeen modura, parte guztiak bertan direlako pozik, eta ardurarik gabe eskutan duena beste objektu bat delako. Horrela dekonstruitzen du poetak errealitatea. Bere iraganeko, bere ametsetako, esperantzetako eta beldurretako piezak erabilita. Eta haiekin etxe berri bat eraikiz, erosoago senti daiteke bat, aldi berean, zimenduen eta hondakinen sekretua ezagutzen duelako. Okinak ogiaren sekretua ezagutzen duen bezala.
"Gure arbasoak luzez izan dira / albotik pasatzen ziren oinezko guztiengantz / burua bihurtzen zuten estatuak, / baina gu denboraz kanpo gaude. / Eternitatea hartzen dugu eta itzuli, hartu / eta itzuli...". Oso behin-behineko existentzia duten elementu asko daude zure poesian, baina horrekin batera badago eternitate zantzu bat ere.
Eternitatea gure esperantzetan bizi da. Ni Balkanetatik nator, eta han jendeak historia eternoak nahi ditu. Ni hasi nintzen ihes egiten historia handi horiei, ze nire arbasoak historia handi horietako baten biktima izan ziren. Orduz geroztik, niretzako eternitatea haize bat da tximeletak ehizatzen dituen gizon baten sarean. Sentitu egiten duzu aurpegian, baina inoiz ez duzu ukitzen. Ez dut eternitaterik bilatzen, baina bai bilatzen dut eternitate hori harrapatzea. Edalontzi txiki batean sartzea. Ume batek harrapatu berri dituen intsektuak ontzietan sartu, eta berehala berriz libre uzten dituen bezala. Zeren, ume horren eternitatearen ideia ez da pilaketan oinarritzen, baizik eta jakin minean, eta unearen lekuko izatean. Baina Balkanetan pilaketaren ideia oso presente dago eguneroko bizitzan. Pasa dituztenak pasa ondoren, jendeak pentsatzen du biharra dela oraina. Beti zerbait gorde behar duzula ezkutuan, biziraun ahal izateko.
Biziraulearen jokaera da hori.
Bai. Eta oraindik ere indarrean dago. Eta bada jendearen bizitzak gidatzen dituen beste printzipio bat ere. Fragmentazioa eta klaustrofobiarena. Balkanetan jendeak etxeak eraikitzen dituenean sekulako etxetzarrak eraikitzen ditu, baina ez dituzte espazio gehiago edukitzeko egiten. Gehiago pentsatzen dute beren jaio gabeko umeetan, beren momentuko errealitatean baino. Eta etxe handi horiek beren esperantzen mausoleo bilakatzen dira. Espazio gero eta handiagoa nahi izaten du jendeak, baina ez espazio mugagabe bat. Espazio handiago bat soilik, eta horrek erakusten du mugak oraindik ere segurtasunarekin lotzen dituztela. Soilik horma horiek gaindituta zabal dezakete beren existentzia. Eta hala gertatzen dira gerlak. Nik bilatzen ditut mugarik gabeko detaileak. Espazio bat txikia, baina mugagabea. Horregatik, agian, aurkitzen duzu denbora testuinguru espazial horretan, aldi berean momentu gisa eta eternitate gisa.
Ez al da hori saiakeragile baten diskurtsoa poeta batena baino gehiago?
Lerroka idazten duzun arren, poema bat ez da linealki gertatzen. Maiz pentsatu dut zergatik sentitzen ote dudan lerroak puskatzeko behar hori. Orria handia izanik ere, beti duzu beharra espazio huts bat uzteko. Isiltzen dituzun gauzak ere poemaren parte direlako da. Alde handia dago zerbait isiltzearen eta zerbait ez esatearen artean. Eta gatazka horretan sortzen dira lerrorik ikusezin eta era berean benetakoenak.
Esaten denaren eta isiltzen denaren arteko tarte horretan?
Bai. Gogoratzen dut ume nintzela gure historia liburuetan irakasten zigutela ezer ez esatea zela gerlan egon zen jendearen heroismoaren ezaugarririk behinena. Torturatzen zituzten arren ere, ezer ez zutela esaten. Baina poeta isildu egiten da. Horregatik daude poeten monumentu gutxiago, gudetako heroienak baino.
Irakurri dizut Balkanetako gerretan irabazleekin ziren poetek kontakizun heroikoak idatzi zituztela, eta galtzaileekin zirenek mina glorifikatu dutela. Bi posizio horien artean non kokatuko zenuke zeure burua?
Ezagutzen ditudan poeta askok idatzi dute gerlari buruz, eta batzuek baita gerlatik bertatik ere. I. Mundu Gerran, Apollinairek, esaterako. Eta II. Mundu Gerlan ere idazle asko izan zen gudan, bando batean eta bestean. Yehuda Hamichai ere hor dago [Hebreera arruntean idazten hasi zen lehen poeta]. Ekialde Hurbileko gudan soldadu guztiek eramaten zituztela pistolak eta haren liburuak gainean. Hor dago Gottfried Benn, medikua zen eta jendea bizirik mantentzea zen bere egitekoa, baina naziekin kolaboratu zuen. Eta nire belaunaldiko poeta batzuk ere Bosnian guda zelaian egon ziren, eta bizirik ematen ez duen lurraren hautsaren eta erretako gorpuen errautsen artean hazi ziren. Guda hauen oihartzunak ez dira nireak, baina oso maiz esnatzen naute gauez. Agian horregatik egiten dut bilaketa bertikala. Ez dut bilatzen gora jotzerik gauzak mistifikatuz, baizik eta behera joatea. Agian, neure burua beste jendearen epaiez ezkutatzeko. Eta behera jotze horretan hondakinak aurkitzen dituzu. [Carl Gustav] Jung-ek esaten zuen artea ez dela sakonera jotzen duzunean lortzen duzun sakontasuna, baizik eta kanpora botzen duzun lurra. Baina ez duzu inoiz ikusten lur hori. Beste norbaitek ikusten du. Egin egiten duzu. Behar bat da. Eta partekatzeko nahi kontzientearekin egiten duzu. Ez da kontua zure buruari gizatasunaren izenean kronikak idazten dabilen norbait zarela frogatzea, edo herritarrek ulertzen ez duten profeta bat zarela erakustea. Idazteak zer ikusi handiagoa du zeure burua beste batekiko harremanean berrezagutzearekin. Jendearekin, objektuekin, eta baita zeure buruarekiko harremanean. Eta hori guztia, jakinik gudak bonba bakarrarekin dena desegin dezakeela, eta une horretan batu egin ditzakeela baita elkarren etsai diren bi pertsona ere. Nik elkar gorroto duten bi pertsona horiekin hitzak konpartitzeko idazten dut, denbora bera konpartitu gabe bada ere. Idazketaren elkarrizketa atzerapen bat duen elkarrizketa bat da.
Ez dira kristauak, ez dira juduak, ez musulmanak... baina espiritualitate handia dute zure poemek.
Erlijioaren gainetik dago beti izpiritua. Pisuak ez du dena erakusten, ezta pisurik zehatzenak ere. Badira gauzak giza begiaz harago daudenak. Absurdua litzateke horiek ikusi nahi ditudala esango banu, baina ukitu egin nahi ditut. Ez da eternitatearekin lotutako zerbait. Bere lorratza asfalto freskoan uzten duen mutikoari ez zaio etenernitatea axola, ezta haren marka betirako bertan geldituko den arren ere. Gustatu egiten zaio euria bilduko duen bere oinaren forma. Kito. Hala ikusten dut espiritualitatea. Erlijioen gainetik, eta eternitatearen azpitik.
Beti zabiltzan hemendik hara errezitaldiak ematen, hitzaldiak eskaintzen... Nola idazten duzu? Ez duzu leku batean geldi egon beharrik sentitzen?
Badut lotura lekuekin, noski. Baina ez leku horiei buruz idazteko. Antzinako gizakiak salbu sentitzen zen lekuetan margotzen zituen hormak. [Vladimir] Nabokovek irudi eder bat erabili zuen poesia deskribatzen saiatzeko. Ume bat korrika bere gurasoak bizi diren kobara, otso batek jarraitzen duela oihuka. Heltzen da leizera eta egiten du jauzi bere gurasoen besoetara. Seguru sentitzen da hor. Baina kanpoan ez zegoen otsorik. Kobazuloan oihu horretaz gelditzen dena da poesia, ordea, Nabokoven hitzetan.
Mazedonieraz idazten duzu, baina lortu duzu mundu mailako izen bat. Zinez zaila da poeta izanik nazioartera heltzea, eta are zailagoa hizkuntza txiki batean arituz gero.
Espiral baten modura irudikatzen dut nik kontua. Zentroa ilusio hutsa da. Dena da periferia. Nire poesiak hizkuntzaz hizkuntza egin duen ibilbidea ere, periferiatik periferiara egindako ibilbidea da. Euskarak bezala hiztun gutxi ditu mazedonierak. Bi milioi inguru baino ez gara. Babelgo dorrearen istorioa beti aurkezten dute ezbehar bat balitz bezala, baina niri iruditzen zait bedeinkapen bat dela hizkuntza txiki batean idaztea, zeren hizkuntza handiago batean argitaratzen duzunean denbora oso azkar pasatzen da, eta ez duzu tarterik zure idazkerari erreparatzeko. Beti pentsatu izan dut inglesez edo beste hizkuntza handiren batean argitaratu ahal izango banu, idatzi eta bost minutura bidali ahal izango nituzkeela poemak aldizkarietara. Eta kasu horretan iruditzen zait poema horrek ez lukeela hainbeste dardara egingo, ez litzatekeela hain ziurgabea izango, Egon Shindlerren margolanetan ageri diren hanka horiek bezala. Itzulpen prozesu horretan poemak gero eta hauskorrago bilakatuz doaz.
Hortaz, mazedonieraz idaztea da hauskor izateko hautatzen duzun modua?
Hala da. Eta horregatik uste dut ezingo nukeela beste hizkuntza batean idatzi. Nire haurtzaroko hizkuntzan idazten dut.