Zurrumurruekin josi zuten ostiral gaueko filmaren musika. Xare Laborategiko Hertz laukotea zuzenean ari zela Joserra Senperenak espreski filmaren sortu musikak ematen, Hazparneko zinema gela lepo betea zegoen, bazterretan jendea zutik. Eta etengabeko komentarioak entzun zitezkeen publikoan, irudiak agertu arau.
Herri bat, mendi bat, portu bat edo pertsona bat ezagutu orduko, botatzen zituzten izenak. Sokoako hilerria, Iholdiko Besta Berri, Pochelu familia, Jean Elizalde Zerbitzari apez idazlea... "No! Sarako plaza dun hori!", eta gisa bereko komentarioak. Emanaldia bizi-bizia egin zutenak. Nolabait, filmak eskas zuen soinu hori emanez filmari. Andre Madre jeneral hazpandarraren Gure Sor Lekua (1956) lehen euskal filmak berpiztu zituen memoriak herenegun. Eta hori izan zen, hain zuzen, proiekzio haren xedeetako bat.
Ustez galdua zen filma Josu Martinez zinemagile ikerlariak berriz aurkitu duela, filmaren bertsio laburtu bat ekarri zuen Hazparneko zinema gelara, tokiko Zinegin euskal zinemaren jaialdiaren karietara. Filma leku horretan berean estreinatu zutela duela 57 urte. Berez, bere tesia gaia du filma Martinezek. EHUko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko Nor taldeko ikertzaile gisa. Oraindik urte bat gelditzen zaio lana bururatzeko. Eta proiekzioak lana bukatzen laguntzen ahal izanen diola, hori du esperantza Martinezek. Filmaren ikustera hurbildu herritarren artean oroitzapenak inarrosi eta, zergatik ez, agian, horietako batek eman pista bati esker filmaren audioa aurkitu.
"Kasik maldizio bat dirudi euskarazko lehen filmak soinurik ez izateak, oraingoz. Gure historiaren paradoxa bat ematen du", damutu zen Martinez proiekzioa hasi aitzin. Herenegun bertan, filmaren soinu etxean gordea duela erranez ez zitzaion agertu nehor Martinezi. Ordea, oroitzapen andana bat irabazi zituen ikerlariak. "Batek esan dit gogoan duela filmeko dialogo batean agertzen den haurrak zer esaten zuen. Horrek ez du soinua emanen, baina pelikulari buruz gehiago jakiteko ahalak ematen ahal dizkigu. Beste batek aipatu zuen pelikulan agertzen den amatxi horren inguruan diren semeetako bat bizi dela".
Protagonista zuzen batzuk ere bazeuden Hazparnen. Filmean bikote gazte bat irudikatzen duten Elizabeth eta Marcel Rekalde tarteko. Garai hartan ez ziren elkarrekin, baina amorosena egin zuten Madrek eskaturik. Emazteak pegarra eskuetan, gizona herabe ondoan. Geroztik ezkondu da bikotea. Ez du arras gogoan nola iragan zen afera. Berek uste zuten argazkiak zituela hartu nahi gizonak, baina ez filma. Pegarrarena espreski antzeztu zutela ere gogoan dute. Baina gehiagorik ez. Hasteko, familia hor zuten elkartua, orain aitatxi eta amatxi diren horiek bere garaian nolakoak ziren ikustera jinak.
Eta Hanoun Madre ere hor zen ostiralean. Jeneralaren alarguna ere, bere laguntza emateko prest segitzen zuela berretsiz. Filmaren kopia, ustez galdua zen hori, alargunak zuen etxean, Parisen. 30 urte senarra hil zitzaiola eta, iragan horren orrialdea itzulia zuen. Senarra Hazparnen ehortzi zutela, ehorzketa egunaz geroztik ez zen berriz jina Euskal Herrira alarguna. "Zuen artean ni hemen izatea niretzako urrats handi bat da", aitortu zuen proiekzioa baino lehen egin hitzartzean. 30 urte berantago, filmak Euskal Herrira itzultzera ekarri baitzuen berriz, 91 urte dituela orain.
1907an sortua da Andre Madre jenerala, Hazparnen. Bigarren Mundu Gerra eginik, Madre Frantziako armadako jeneralaren istorio bereziaren lekuko da Hanoun Madre andrea.Charles De Gaulle jeneralarekin hurbila ere izan zen militarra. Eta familia horren historia arakatzen hastean, bitxikeria ere bilakatu dezake filmaren oinarri hori bera. Pentsatzen hasiz gero, nolatan horrelako gizon batek film bat Euskal Herriaz egin ote zuen, euskaraz, zazpi probintziak tarteko, eta herenegungo proiektuan agertu zenez, Gernikako arbola eta ikurrin dantza ere sartu zituela bere filmaren osagai. "%200 euskalduna zelako!", ihardetsi zion galdera horri ozenki Hanoun Madrek, segurtasun handiz.
Herriari opari
Frantziako armadaren ordezkari, baina euskalduna, errotik, Hanoun Madre alargunak argi utzi nahi izan zuenez: "Mundu osoan bizi izan bazen bere lanbide handiari esker, jeneral handi moduan, Afrikako buru handi gisa, oroz gainetik euskalduna zen. Euskaldunek daukaten izaera indartsu horretatik ez zuen milimetro bat bera ere galdu". Euskal Herrian "etxean zen, eta argiki filma herriarekiko zuen maitasunagatik zuen egin", beti Hanoun Madreren hitzetan. Militar pilotu izan zen Andre Madre. Eta pilotu izateak ekarri zizkion baliabideak zenbait ere filma aberasteko. Zerutik hartu itsas bazterreko irudi batzuk ageri dira filmaren hasieran, adibidez. Filma koloretan da, eta ageri da denbora eta diru anitz eskatu ziola. Baina dirua bazuen.
Andre Madre hura bera Euskal Herritik kanpo bizi zen euskalduna zela, filmaren hasieran agertzen da testutxo bat, euskaraz, non esplikatua baita filma "Euskal Herritik urrun bizi direnentzat" dela, hain zuzen. Funtsean, ageri da hori filmean. Hazparneko emanaldian guneen kokapenak interesa pizten zuen bezala, filmak hori zuen nahi, leku horiek eskaintzea urruneko haiei: "Kanpoan zegoen edozein euskaldunek minutu erdiz bazen ere bere herria ikustea", baieztatu zuen Martinezek. Herenegun bertsio laburtua bazuten ere ekarri, filma hor dagoela halere esplikatu zuen Martinezek. Baina bi eliza ageri diren tokian, bertsio luzean hamar direla ageri, eta horrela, lekuz leku.
Euskaldun baten bizia laburbiltzen duen film baten moduan ikus daiteke Gure Sor Lekua. Bataiotik hasten da; gero, haurra handitzen ikusten da nolabait: lehen urratsak, jolasak, bikote gaztearen lehen hitzordua, ezkontza, kanpoko lanak izan zitezkeenak, belaunaldien arteko trukeak eta zahartzaroa eta heriotzarekin bururatzen den filma. Halako nostalgia puntu batekin, poesiaz filmatu irudiekin. Trantsizio garaia ere ez dela urrun sentitu daiteke.