Nobedade ugari eraman ditu BERRIAk azokara

Anjel Lertxundiren zutabeen antologia, ETAren armagabetzeari buruzko liburu bat, Ekialde Hurbilari buruzko beste bat, eta Mantangorrin ateratako errezetak izango dira BERRIAren saltokian.

jarraia147468.jpg
Berria
2017ko abenduaren 6a
17:26
Entzun

Nobedade ugari eramango ditu BERRIA egunkariak Durangoko 52. Azokara. Iaz abiatu zuen, Jakin fundazioarekin eta Elkar argitaletxearekin batera, Aleka bilduma, gizartean pil-pilean diren gaiak sakon lantzeko asmoz: beste bi zenbaki gehitu dituzte bildumara, ETAren armagabetzeari buruzkoa bata, eta Ekialde Hurbilari buruzkoa bestea. Horrez gain, Anjel Lertxundi idazleak hamalau urtean BERRIAn argitaratutako zutabeen antologia bat eta Mantangorri gehigarrian argitaratutako errezeten bilduma bat izango dira eskuragarri. Eta, urtero bezala, 2018ko bi agenda eta egutegia ere erosi ahal izango dira.

Enekoitz Esnaola BERRIAko kazetariak Luhuso. ETAren armagabetze zibilaren kontakizuna liburua osatu du. Aietetik (2011) Baionara arteko (2017) kontakizuna egin du: ikerketa lana ere bada, kontatu ez diren kontu asko jaso baititu. "Euskal gatazkan bakegintzarako mugarri izan zen Aiete: jarduera armatua utzi zuen ETAk. Luhuso ere izan zen gogoangarri: haren armagabetzearen lehen ekinaldia izan zen. Hurrengo mugarria, Baiona: guztiz desarmatu da ETA, 2017ko apirilaren 8an; Aieteko bake konferentziatik bost urte eta erdira".

Sei urteko tartea egon da bien artean, eta mugimendurik apenas egiten zela usteta, bere gain hartu zuten herritarrek blokeoa askatzeko ardura: "Espainiako eta Frantziako estatuen jarrera itxia ikusita, eta saioak saio, ETAk azkenerako gizarte zibilari eman zion armagabetzearen ardura politikoa eta teknikoa, eta, lan kolektibo eta iraunkor bat eginez —batik bat, Ipar Euskal Herrian—, Frantziarekin hitzartu zen: Armagabetzearen euskal eredua deitu diote".

Ekialde Hurbila, muinak eta ertzak liburua, berriz, Mikel Aiestaran, Ane Irazabal eta Karlos Zurutuza kazetariek egin dute: Iraultza arabiarren jatorria eta horien ondorioak aztertu dituzte. "2011n, itxaropena piztu zen herrialde arabiarretan: askatasun politikoaren eta justizia sozialaren izenean, plazaz plaza zabaldu zen iraultza, mugak zeharkatuz. Baina indarkeriak demokraziak baino azkarrago egin du aurrera. Udaberri Arabiarrak eremu antzu bihurtu dira".

"Zein da herrialde horien gaur egungo argazkia? Zein testuingurutan piztu ziren iraultzak? Zer gertatu zen aldi berean eta eremu berean, bata bestearen ondoren kateatzeko?". Galdera horiei erantzutera dator liburua, eta, bi- de batez, eremu zabal bezain liluragarri eta konplexu horretan dagoen egoerari erreparatzera, gatazken muinak eta ertzak azaltzera —geopolitikoak eta geografikoak—. Bidaia bat proposatzen du liburuak, ingurua bertatik bertara ezagutu duten hiru kazetariren begiradatik: Ekialde Hurbileko maparen erradiografia mamitsua osatu eta marraztu dute Aiestaranek, Irazabalek eta Zurutuzak.

Egunero-egunero argitaratu du Anjel Lertxundik zutabe bat Hitz Beste atalean: BERRIAren lehenengo zenbakian hasi zen, 2003ko ekainaren 21ean, 2017ko apirilaren 16ra arte. Epe horretan argitaratutako zutabe batzuk aukeratu ditu idazleak, eta edizio berezi batean kaleratuko ditu BERRIAk, hamabost ilustratzaileren kolaborazioarekin. Honela idatzi du idazleak: "Zutabeak idazterakoan gaien eta tonuen ugaritasuna bilatzen nuen. Ez zitezela trokel berean eginak izan, ez zezatela usain eta testura beti berdina eskaini. Horretan saiatzen nintzen, behintzat. Halatsu antologia moldatzerakoan ere. Gaien ugaritasunaz gainera, estiloen, erregistroen, tonuen ugaritasuna bilatu dut. Zutabe asko bazterrean gelditu da gaurkotasuna galdu duelako; edo espal jakin bat —politika, kasu— ez nuelako gizendu nahi. Irakurleak aurkituko ditu, kontu segurua da, hutsuneak, sentituko du haren edo honen falta, baina hautatzen duenak baztertu ere egiten du. Zer egingo zaio".

Mantangorrirekin sukaldean

Dozenaka kontakizun eta errezeta argitaratu dira Mantangorri haurren gehigarrian larunbatero 2012ko ekainaren 30az geroztik Mila bidaia munduko sukaldeetara izenburupean, eta 2016ko azaroaren 26ra bitarte ateratakoen bilduma egin dute orain. Hilabetean behin, Mugaritz jatetxeko sukaldari Leire Etxaidek, Jesus Mari Olaizola Lazkano Txiliku idazleak eta Eider Eibar ilustratzaileak herrialde desberdinetako jakiak papereratu dituzte, guztiak istorio ederrez lagunduak. "Mila bidaia egitea zen gure asmoa, eta mila bidaia horietan mila abentura bizi eta mila sukalde bisitatu".

Horregatik, ipuinak, argibideak eta errezetak, denak elkarrekin batuta bildu dituzte liburuan. Izaro, haren osaba Manex eta Fifi loroaren bidez, hainbat istorio, ipuin eta bitxikeria agertuko dira. Hiru osagai nagusi ditu liburuak: kontakizunak, istorioari edo errezetari buruzkoinformazio argigarria eta errezetak. Errezetak liburuaren atzeko aldean doaz, erabilgarriagoak izan daitezen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.