Nobeletan dago ikusmin nagusia

Anjel Lertxundi, Uxue Apaolaza eta Iñigo Aranbarrik eleberri bana emango dute argitara uda bitarteko hilabeteetanRekalde, Ladron de Arana, Serrano, Egia eta Arretxek ere obra berriak kaleratuko dituzte

Juan Luis Zabala
2011ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Ramon Saizarbitoriaren nobela berria ez da ageri argitaletxeek aurtengo udaberrirako iragarri dituzten liburuen artean, baina Anjel Lertxundi, Uxue Apaolaza eta Iñigo Aranbarrirenak irakurtzeko aukera izango da, besteak beste, uda iritsi bitartean. Poema eta ipuin liburuetan zein saiakeretan ere bada eskaintza interesgarririk; antzerkiaren arloa, aldiz, ohi bezala, oso urri dator.

Lertxundiren Etxeko hautsak nobelaren hasieran, 20 urtez isilpean gorde duena kontatzen dio gizonezko batek aita buruko gaitz batek jotzen hasiari: duela 20 urte ETAko kide batzuei laguntza emateko eskatu ziola norbaitek. Aitari egindako aitormenaren bidez, nobelak 90eko hamarkadaren hasierako Euskal Herriko giro politikoa jasotzen du. Gaztelaniazko itzulpena ere, Jorge Gimenez Bechek egina, ekaina baino lehen izango da plazan.

Apaolazaren Mea culpa-k Lur du pertsonaia nagusi. Madrilen bizi da, eta nazkatuta dago bere bizitzaz, bere buruz, amaz… Egunkari baten azalak institutu garaiko oroitzapenak ekarriko dizkio, nerabezaroko mamuak eta konpondu gabeko auzi ideologikoak. Gorrotoak bultzatuta, Facebooken nortasun faltsua sortuko du, eta haren bidez aspaldiko adiskideekin banan-banan elkartzen saiatuko da, haiek hiltzeko aukera izateko.

Aranbarrirenaz, nobela intimista dela aurreratu du Susak, 30 urteko emakumezko bat duela kontalari, eta Abran eta kostaldeko herri batean dutela kokapena gertaerek.

Jon Arretxe, Alberto Ladron de Arana, Lutxo Egia, Aritz Gorrotxategi, Paddy Rekalde, Luis Haranburu Altuna eta Mikel Ibarguren dira liburu berriak aurkeztuko dituzten beste egile ezagunetako batzuk, dagoeneko plazan ale berriak jarri dituztenez gain (Xabier Mendiguren Elizegi, Karlos Linazasoro, Jose Inazio Basterretxea…). Goizalde Landabasok, estreinua poesian egin eta gero, ipuingintzara egin du jauzi.

Idazle berrien zerrenda aurreko urteetan baino laburragoa da hala ere: Ibai Mendinuetaren 1.050 orrialdeko nobela autoeditatu mardula eta Antonio Casado da Rocharen poema liburua bakanak dira alde horretatik, Jeremias Erroren Garabi suizidaren amodioak narrazio liburuarekin eta Mikel Etxabururen Zu zara orain txoria dagoeneko kaleratuarekin batera.

Saiakeraren arloan, azterketa literarioak presentzia nabarmena izango du liburu berrien artean. Batetik, Jon Kortazarrek Kirmen Uriberen obra aztertu eta komentatu du, Bitartean New York. Kirmen Uriberen literaturan barrena saiakeran. Bestetik, Pako Sudupek sakon aztertu du 50eko euskal literatura, hiru liburuki izango dituen obran.

Juan Zelaia sarietan nabarmendu diren bi saiakerez gain—Fermin Erbitirena eta Kepa Larrearena—, Pamielak Juan Gorostidiren Itsas oholak bezala plazaratuko du, lau kantariren inguruko gogoeta saioa: Beñat Axiari, Mikel Laboa, Imanol eta Ruper Ordorika.

Joseba Agirreazkuenagak aurkeztuko duen lana sail luzeago bateko lehen alea izango da; Sabino Aranaren 1876tik 1903 bitarteko gutunak ditu oinarri. Iban Zalduak musikazaletasunaren eskarmentuan oinarritutako lana ezagutaraziko du. Aitor Arana, Xipri Arbelbide, Joan Inazio Hartsuaga, Iñaki Petxarroman, Joseba Felix Tobar-Arbulu eta Jose Manuel Odriozola saiakeragile ezagunak dira, nor bere arloan. Mikel Garciak, aldiz, Tene Mujika bekaren laguntzaz euskal zinemagileei buruz ondurako lana izango du estreinako liburua.

Xolaren itzulera

Haur eta gazte literaturaren arloan, nabarmentzekoa Bernardo Atxagak Xola txakurraren abentura berriak plazaratuko dituela, Xola eta Ameriketako izeba liburuan, Mikel Valverderen ilustrazioak lagun dituela.

Itzulpenei dagokienez, Stephane Hessel, Anxel Fole, Dino Buzzati, Ivo Andritx eta H.P. Lovecraft-enei, honako egile hauen izenak gehitu behar zaizkie euskaratu berrien zerrendarako: Anne Berest, Adam Bodor, Bocaccio, Nircea Cartarescu, Suzanne Collins, Robert Fischer, Belen Gopegui, Nadia Ghulam, Oscar Wilde eta David Vann.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.