BBK Livek gaur iragarri du Noel Gallageher, Alt-J eta David Byrne Bilboko musika jaialdian izango direla. Horiez gain, Bomba Estereo, Temples, Triangulo de Amor Bizarro, Mexrrissey, Parquet Courts eta Borrokan taldeen kontzertuak ere iragarri dituzte. Jaialdia 2018ko uztailaren 12an, 13an eta 14an izango da, Kobetamendin.
Iragarpenarekin batera, hiru eguneko bonuak erosteko aukera zabaldu du BBK Livek. 99 euroan —kudeaketa gastuak aparte— jarri dituzte salgai, azaroaren 27ra bitartean. Egun horretatik aurrera, 135 euro kostako da bonu bakoitza.
Jaialdian parte hartuko duten izenetako batzuk aski ezagunak dira mundu mailan. Noel Gallagher Oasis taldeko kanta entzutetsuen konposatzailea da. Hain justu, disko berria kaleratu du gaur Five Flying Birds taldearekin, Who Built The Moon izenekoa. Alt-J talde britainiarrak ere lan berria aukeztu du aurten. Relaxer izena du kaleratu duten azken diskoak. Bestalde, David Byrne Talking Heads taldeko sortzaileak "asko harrituko duen" ekoizpena taularatuko du Bilbon, jaialdiko antolatzaileek aurreratu dutenez.