Tariq Ali. Pentsalari, idazle eta zinemagilea

«Noiz izan da zapalketaren aurkako erresistentzia ederrik?»

Ezkerrak egun duen ahots nabarmenetariko bat da Tariq Ali, jatorri pakistandarreko pentsalari ingelesa. Gaur Iruñean emango duen hitzaldian herrialde arabiarretako matxinadak izango ditu abiapuntu, ezinbestean, egungo borroken argazkia egiteko.

STEVE FORREST.
Inigo Astiz
2011ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Pakistan sortu gabe zela jaio zen Tariq Ali (Lahore, 1943). Gaztetatik izan zuen gizarte mugimenduekiko grina, eta Erresuma Batura joan zen ikastera, atxilo ez zezaten. Aktibista sutsu, hainbat aldizkari sortu ditu han. Ezkertiarrak denak. Idazle, zinemagile eta pentsalaria; egungo ezkerreko ahotsik nabarmenetariko bat da berea. Barak Obamari buruz idatzitako azken liburua zuen Iruñera etortzeko aitzakia, baina azken herri matxinadez ariko da Golem Baiona zinemetan, 19:30ean, Zabaldik, La Hormiga Atomicak eta Unibertsitate Nomadak antolatuta.

Vive la revolte!. Izenburu aldarrikatzailea jarri diozu hitzaldiari.

Garai zirraragarriak direlako! Tunisian eta Egipton gertatzen ari dena oso garrantzitsua da arabiarrentzat, baina baita mundu osoarentzat ere. Askok XX. mendeko kontutzat zituzten iraultzak eta masa mugimenduak, baina bat-batean, halako erupzioak izan dira. Munduaren beste zati bat piztu da. Hego Amerika izan zen lehen, eta Ekialde Hurbila orain; nork daki non bukatuko den.

Lotura bat ikusten duzu, beraz, mugimendu horien artean?

Jendeak beste bizitza bat nahi du. Egipton 30 urteko diktadura izan dute, errepresioan oinarritua, eta AEBek eta Europako Batasunak babestua. Azken unera arte, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak Mubarak gizon ona zela esan zuen, eta Hillary Clintonek ere «familiakotzat» aipatu zuen. Europa eta AEBetako gizartearen erantzuna oso isila izan da. Jendeak ikusi egiten du telebistan gertatzen dena, baina ez du eragin handiegirik sentitu.

Zeri zor zaio enpatia falta hori?

Terrorearen aurkako gerra deitutakoa hasi zenetik, islama terrorismoarekin lotzeko kanpaina zorrotza, jarraitua eta zitala izan da. Islamofobia ikaragarri hedatu da, eta horri zor zaio distantzia hori.

Hainbat liburu idatzi dituzu 68ko iraultzei buruz. Haien hedapenari zitzaion beldurra aipatu duzu maiz.

Antzera da egun. Saudi Arabiako monarkia dardarka dago. Oso urduri. AEBetara bidali bereziak igorri zituzten, herrialdean mantentzeko eskatuz eta gertatzen ari zenaren arriskuaz abisatuz.

Israelek luzaroan mantendu duen diskurtsoa ere erori da. Bitxia da bere burua Ekialde Hurbileko demokrazia bakartzat aurkezten duen herrialdea Mubaraken alde egiten ikustea.

Arazo handia izango dute. Baina baita Palestinako Aginte Nazionalak ere; urduri daude. Hemendik gutxira zerbait gertatuko da. Hamas oso mugimendu popularra da, Mendebaldeak onartzen ez duen arren. Aginte Nazionalak ere eutsi dio Mubaraki, eta Ramalan soilik erreprimitu dituzte Egiptoren aldeko bilkurak.

Zer dator matxinaden ondoren?

Demokrazia ez da nahi duten bakarra. Egipton, adibidez, osasun zerbitzuak nahi dituzte, hezkuntza sistema, etxebizitzak... Garai batean eduki zituzten, baina 90eko hamarkadako pribatizazioetan galdu zituzten, eta garai batean gauzak hain gaizki ez zeuden oroitzapen bat ere badago.

Zer zeregin du Europako ezkerrak?

Oso ahula da, baina matxinadasustengatu behar du. Europako Batasuna AEBen jarraitzaile itsua da, funtsean. Ez dago inolako independentziarik. Irakeko gerraren garaian erakutsi zuen gutxieneko autonomia guztiz joana da aspaldi, Afganistanen guztiz sartuta baitaude. Europan egoera ez da ona: krisi sakonean murgilduta dago. Ez da izan politika ekonomikoaren aldaketarik. Joera nagusietan ez da alternatibarik, eta ertzetan pisua hartu dute alderdi xenofobo arrazista eskuindarrek.

«Ez dago erresistentzia ederrik». Zureak dira hitzak.

Iraki buruz ari nintzen. Okupatuta zegoen eta erresistentzia bat sortu zen. Jendeak zioen gauza ikaragarriak egiten zituztela. Nik zera galdetzen nien: noiz izan da zapalkuntzaren aurkako erresistentzia ederrik? Inoiz ez. Hala da beti; aljeriarrak frantziarren aurka, vietnamdarrak AEBen aurka, II. Mundu Gerra, 36ko guda... Errepublikaren alde nago, noski, baina ez zen ederra izan. Kritikoki bada ere, aldea hautatu behar.

Egipton orain arte izan da «ederra».

Orain arte. Diktadorea kendu dute soilik, indarrean da sistema.

Bada John Lennonen argazki bat, 70eko hamarkadakoa. Irlandan dago, eskutan zuk editatzen zenuen Red Mole aldizkariko ale batekin. Hala dio titular nagusiak: «IRAren alde, britainiar inperialismoaren aurka». Zein da zure jarrera egun?

Birtualki amaituta dago borroka hori. Oso egoera txarra da Irlandakoa egun, eta alternatiba sozialak nahi dituzte. Orain, Sinn Fein da ezkertiarrena, haiek dute programa sozialik onena, eta sorpresa eman dezakete hurrengo bozetan. Garai hartan, beharrezkotzat jotzen zuten borroka bat egin zuten. Nire jarrera ez doa harago. Lennoni buruz... Nire laguna zen, orduan Erresuma Batuan zegoen, eta Irlandako egoerarekin kezkatuta. Manifestazio bat zegoela esan nion. «Banoa!», esan zuen, eta etorri egin zen.

Euskal Herriaz baduzu iritzirik?

ETArena bukatzen ari da. Badakite orain urte batzuk egin behar zuten zerbait egin dutela. Zaila zuten, ordea, alderdi eskuindar bat boterean zegoelako. Orain garaia da hori bukatu eta programa sozial eta ekonomiko bat aurkezteko. Bestalde, ez nago Espainia haustearen alde. Konstituzioa ona dela uste dut, funtzionatzen duela. Katalunia eta Euskal Herria errepublika txikietan banatzea ez da positiboa. Nora joango dira? Ikusi Islandiari gertatu zaiona. Ironikoa da banaketa eskatu eta herrialde txikiak sortu nahia, ezer aldatuko ez bada. Kontua ez da espazio propioa izatea, espaziohorretan zer egin asmatzea baizik. Eta hor ez dago erantzunik.

Gidoigile, zinemagile eta idazle ere bazara. Loturik bizi dituzu edertasunaren bilaketa eta justiziarena?

Sartre eta Beauvoirren gisako figurak miresten ditut. Haientzat ez zegoen bereizketarik politika eta kulturaren artean. Hala ere, ezberdina da. Fikzioa subkontzientetik sortzen da, eta lan politikoak, kontzientetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.