Literatura

Non galdu da Flann O'Brienen itzala?

Bizi izan zen garaian, James Joyce eta Samuel Beckettekin parekatu zuten idazle eta kritikari ezagunek. Baina hots handirik gabe igaro da haren jaiotzaren mendeurrena.

Kafka eta Borgesekin. Franz Kafka (Sascha Tschorn), Jorge Luis Borges (Oscar Hernandez Rodriguez) eta Flann O'Brien (Myles Breen) idazleak elkarrekin hizketan irudikatzen ditu David O'Kaneren Babble filmak. Nor bere hizkuntzan ari da: alemanez Kafka, gaztelaniaz Borges, ingelesez O'Brien. Zati batzuk ikus daitezke http://www.davidokane.com/Babble_segment.html helbidean. Z / BERRIA.
Juan Luis Zabala
2011ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Esaten dutenez, Graham Greene, Dylan Thomas eta Samuel Beckett izan zituen miresleen artean, eta James Joycek lupa handi baten laguntzaz irakurtzen zituen haren nobelak, itsumenetik gertu zegoen garaian. Harold Bloomek haren The Dalkey Archive eta The Third Policeman nobelak sartu zituen Mendebaldeko Kanonean. Edna O'Brienek Irlandako hiru idazle gorenetakoetako bat zela esan zuen, Samuel Beckett eta James Joyceren maila berekoa, beraz, baina haiek baino «gertukoago eta dibertigarriagoa», gainera. Jorge Luis Borgesek esan zuen haren At Swim-Two-Birds XX. mendeko nobelarik onenetakoa zela. Anthony Burgesek, Borgesekin ados, nobela horixe jo zuen, Joyceren Finnegans Wake-rekin batera, ingelesezko literaturaren gailurtzat. Ez zituen meritu makalak pilatu Flann O'Brienek. Baina haren itzala oso apala da gaur egun, ikusezina ia-ia, Beckett eta Joycerenaren ondoan. Oihartzun handirik ez du izan haren jaiotzaren lehen mendeurrenak.

1911ko urriaren 5ean jaio zen Flann O'Brien irlandar idazle eta kazetaria, Brian O Nuallain edo Brian O'Nolan izenez jaio ere, Tyrongo konterriko Strabane herrian. Literaturaren inguruko ikasketak egin zituen Dublinen, eta izadiak Irlandako poesian zuen presentzia ikertu zuen doktore tesian. Hainbat egunkari eta aldizkaritan idatzi zuen 40ko hamarkadan, ezizen mordoa erabiliz: Myles na gCopaleen, George Knowall, Brother Barnabas, Count O'Blather, John James Doe, Peter the Painter, Winnie Wedge… Ezizenak bezala, askotarikoak ziren haren lanak ere; ipuinak eta iritzi artikuluak gehienak hala ere.

Lau nobela amaitu zituen: At Swim-Two-Birds (1939), A Béal Bocht (gaelikoz idatzi eta 1941an halaxe argitaratua) The Dalkey Archive (1964) eta The Third Policeman (1940an idatzia baina 1968an argitaratua). Amaitu gabe utzi zuen beste bat: Slattery's Sago Saga. Alkoholarekin arazoak izan zituen bolada luzeetan, eta 1966ko apirilean hil zen, 55 urte bete gabe, Dublinen, azken urteak osasunez oso ahulduta eman ondotik.

O'Brien metaliteratura modernoaren aitzindarietako bat izan zen. At Swim-Two-Birds nobela metaliteratura ariketa eldarniozkoa da, nobela baten sorrera prozesuari umorez eta ironiaz erreparatzen diona. Denbora-pasarako nobela bat idazteko asmoa duen gaztea da pertsonaia nagusia. Nobela horretako pertsonaia nagusiak, berriz, irakurlea bide moralki onera gerturatuko lukeen nobela idatzi nahi du. Baina pertsonaiak matxinatu egiten zaizkio, bestelako nobela bat idaztera behartuz.

Irudimen erakustaldi are bero, zoro eta eldarniatsuagoa da The Third Policeman. Krimen bat aitzakia dela, kontalariak, ezustez ezuste, leku harrigarri batera darama irakurlea; batzuetan Oz gogorarazten du leku horrek, beste batzuetan Aliceren lurralde miresgarria. Bi dimentsioko polizia-etxea ezagutuko du han, beste errealitate arraro askoren artean; etxe hartako bi poliziak bizikletak lapurtu eta gero lapurreta horiek kasuak argitzen ahalegintzen dira, herriko bizilagunak bizikleta bihur daitezen eragozteko… Nobelako beste polizia etxe bat, berriz, harresi baten barruan dago eraikia osorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.